Indarkeria matxista jasaten duten emakume eta haurrei zuzendutako zerbitzuak erabilgarri daude
Herritarrentzako zerbitzu asko bertan behera utzi dituzte erakundeek, koronabirusaren zabalpena saihesteko, baina horietako hainbat erabilgarri mantendu dituzte, herritarren beharrei erantzuteko. Horien adibide dira gizarte kalteberatasun egoeran dauden emakume eta adin txikikoak; kasu horietan, existitzen diren telefono zenbaki espezifikoez gain, udalak 010 telefonoa erabiltzeko eskatu du.
Donostiako Berdintasun sailak honako jarraibideak zabaldu ditu: Larrialdi egoera bat bada, Gizarte Larrialdietako Foru Zerbitzura (943 224 411) deitu dezakete emak eta haurrek, 7:00etatik 21:00etara. Era berean, SOS Deiak zerbitzura (112) ere deitu dezakete, 21:00etatik 7:00etara. Larrialdi egoera ez bada, auzoetako gizarte zerbitzuguneetara jo dezakete, baita Urdaneta kaleko Ongizateko bulego orokorretara ere (943 481 400).
Emakumeen Etxeari dagokionez, lokala itxita dago, baina telefono zenbaki bat jarri dute larrialdiei arreta egiteko; telefono horretara deitu ahal izango da 10:00tik 14:00ra. Halaber, bi abokaturen zerbitzuak jarri dituzte premiazko lege-aholkularitza behar duten pertsonei arreta egiteko.
Era berean, Donostiako Udalak jakinarazi du psikologo komunitarioen lan-taldea lanean ari dela, eta gizarte zerbitzuak arrisku egoeran egon daitezkeen emakumeei jarraipena egiten ari direla, betiere bere babesa bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko – beharrezkoa bada, lehenbailehen ostatu emateko behar diren udal eta foru baliabideak –, eta horretarako, behar diren protokoloak aktibatuz. Gainera, adierazi dute udala jarraipena egiten ari dela larrialdietarako etxebizitzetan dauden emakumeen beharrak ezagutzeko, dituzten oinarrizko beharrei eta babes beharrei aurre egiteko.
Kalteberatasun egoeran dauden adin-txikikoei buruz, Donostiako Udalak dei egin die egoera horretan dauden familiei gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko. Azaldu dute egoera horiei aurre egiteko udal laguntzek indarrean jarraitzen dutela: “Udalak erantzun azkarra eman dezake, oinarrizko beharrak (mantenua, medikazioa), osasun beharrak (koronabirus kasuen detekzioa eta egoera horretan egon daitezkeen adin-txikikoen arreta), eta konfinamendu egoera honek sor ditzakeen babesgabetasun egoeren handitzearen estaldura bermatuz”.