Zer egin behar dut koronabirusaren sintomak baditut?
Denon ahotan dabiltza koronabirusa eta kutsatzea saihesteko gomendioak egunotan, baina herritar askok ez daukate argi zer egin eta nora jo behar duten sintomaren bat izanez gero.
Espainiako Gobernuak alerta egoera ezarri zuenetik, konfinamenduan daude estatuko herritar guztiak, koronabirusa ahalik eta gutxien zabaldu dadin, eta osasungintza publikoa kolapsatu ez dadin. Egoera honetan, koronabirusaren sintomaren bat izanez gero, lehenengo bulkada etxetik atera eta ospitalera joatea izan daiteke, baina hori ez da egin behar dena.
Lehenik eta behin, komeni da gogoratzea zeintzuk diren koronabirusaren sintoma nagusiak: sukarra, nekea eta eztul lehorra. Horretaz gain, kasu batzuetan, errinorrea, eztarriko mina eta beherakoa ere agertu daitezke, sintoma gisa.
Sintoma horietakoren bat izanez gero, ez da etxetik irten behar, Osakidetzak koronabirus kasuentzat bereziki jarri duen 900-20 30 50 telefono zenbakira deitu behar da. Momentuz, hori da Gipuzkoan eta Bizkain egin beharrekoa. Araban, ordea, koronabirus kasu gehiago daudenez, berrantolaketa bat egin dute, eta zuzenean bakoitzaren osasun zentrora deitu behar dute sintomak dituztenek.
Donostia Ospitaleko arretako langileak, ordea, lanez lepo dabiltza azken egunotan, eta posible da aipatu telefonora deituta, profesionalen batekin hitz egin arte denbora asko itxoiten egon behar izatea. Hori gertatzen bada, herritar bakoitzak dagokion osasun zentrora deitu behar du, denek baitakite koronabirus kasu posible baten aurrean zer egin.
Sintomak indartsuagoak baldin badira, esaterako, pertsonak arnasa hartzeko arazoak baldin baditu, zuzenean larrialdietara joatea komeni da. Bakoitzak bere kabuz era seguruan joaterik baldin badu hobe, larrialdietako zerbitzuak ez kolapsatzeko. Bestela, 112ra deitu behar da, anbulantzia bat eskatuz.
Era berean, gogoratu beharra dago koronabirusak kutsatutako pertsonen %80 tratamendu berezirik gabe sendatzen direla. Bestalde, gaixotasuna hartzen duten sei pertsonatik batek baino ez du gaixotasun larriren bat garatzen, eta, gehienetan adineko pertsonak edo beste patologiaren bat daukatenak izaten dira. Horregatik, koronabirusaren heriotza tasa oso baxua da: %2 inguru.
Prebentzioa, hobe
Hala ere, prebentzioan jarri behar da foku nagusia, aurreko pauso guztiak eman behar ez izateko. Horrela, eskuak asko garbitu behar dira egunean zehar, eztul egin ondoren, komunera joan ondoren, jakiak manipulatu aurretik, animaliekin kontaktua izan ondoren eta pertsona gaixo bat zaindu aurretik eta ondoren, bereziki. Era berean, eztula edo doministiku egiteko garaian, ahoa ukondoarekin edo mukizapi batekin tapatu beharra dago, ondoren mukizapia zakarretara botaz.