Atano frontoia egokitu du udalak, kale egoeran dauden pertsonentzako
Koronabirusaren krisiaren aurrean, 80 ohe prestatu ditu udalak Anoeta pasealekuko Atano III. frontoian, egun hauetan kale gorrian lo egitera behartuta dauden pertsonentzako. Neurri honekin, dagoeneko Abegi Etxea eta Ondarretako udal aterpetxea betetzen ari diren lana osatu nahi dute.
Udalak Gaueko Aterpea aldi baterako ixtea erabaki zuen, alarma egoeran beharrezkoak diren distantzia eta isolamendu baldintzak betetzen ez zirela argudiatuz. Horregatik, Gaueko Aterpeko erabiltzaileak Abegi Etxera eta Ondarretako udal aterpetxera bideratu zituzten.
Hiritarron Harrera Sareak salatu zuen alarma egoerarekin kale egoeran dauden pertsonen egoera okerrera egiten ari zela, eta udalaren esku hartzea eskatu zuen.