Bingo gaua leihotik leihora, Intxaurrondoko balkoietan
Konfinamendu eta berrogeialdi egoerak irudi bitxiak uzten jarraitzen du. Bart gauean, Intxaurrondoko Juan Gorostidi plazako bizilagunak bingoan aritzeko ideia izan zuten, modu benetan ezohikoan. Haien leihoetara atera, eta alde batetik bestera zenbakiak esaten aritu ziren. Nabaria da egoera honetan donostiarrek ez dutela umorea ez eta irudimena galdu.
Dagoeneko irudi nahiko xelebreak ikusi dira hiriko hainbat auzotako balkoietan: kantaldiak, DJ sesioak, danborrada, jende instrumentuak jotzen… Atzo erregearen aurkako kazerolada ere izan zen, eta gauero herritarrak euren balkoi eta leihoetara ateratzen ari dira, txalo zaparrada batekin osasun zentroetako eta larrialdi egoeran ezinbestekoak diren beste zerbitzuetako langileak omentzeko.