"Langile klasea beti izaten da kaltetuena krisi egoera hauetan"
Beñat Hernandez antiguatarra Siziliara (Italia) joan zen Erasmusean, Geologia graduko azken urtea egitera. Lauhilabete batez joan, eta urte osorako luzatzea erabaki zuen. Koronabirusaren krisiak bertan harrapatu du.
Leioako Euskal Herriko Unibertsitatearen kanpusean Geologia ikaslea da Beñat Hernandez Arrizabalaga (1997, Donostia). Erasmus programaren baitan Siziliako Catania herrian (Italia) azkenengo ikasturtea burutzera joan zen, baina orain etxetik irten ezinik dago. COVID-19ak gogor jo du Italian, eta gaur egun pandemiaren epizentro da Europa mailan.
Nolatan zaude Italian?
Beñat Hernandez (B.H.): Erasmusen etortzea erabaki nuen, ingurua piska bat aldatzeko eta banuelako gogoa beste kultura eta jendea ezagutzeko. Lehenengo aukera Txile izan zen. Beti izan dut gogoa Hego Ameriketara joateko, batetik han egondako jendeak oso esperientzia ona izan duela aipatu didalako, eta bestetik hango ikasle mugimendu eta egoera politikoa interesgarria iruditzen zaidalako. Ez zidaten eman, eta bigarren aukeratzat Sizilia aukeratu nuen, gehienbat Etna sumendiagatik. Klasean askotan aipatu dugu, eta oso urrun dagoen zerbait iruditu zait beti sumendien gaia. Aukera ikustean hona etorri nintzen.
Nola hasi zen alarma egoera Italian?
B.H.: Hamar egun inguru daramatzagu dagoeneko konfinamenduan. Hasiera batean Italia Iparraldea izan zen foku handiena, eta gu Hegoaldean gaudenez, ez zigun eragin handirik ekarri. Berehala ikusi zen birusaren hedapena ez zela gelditzen, eta Hegoaldera ere iristen hasi zen.
Nola bizitzen ari zara zu ezohiko egoera hau?
B.H.: Neurriak hartzen hasi zirenetik etxean egon behar dugu. Supermerkatura, hospitalera edota farmaziara atera nahi badugu paper batekin egin behar dugu, poliziak ateratako paper bat, hain zuzen. Zure datuak eduki behar dituzu paperean, eta baita lau arrazoi moduko ere, etxetik ateratzea justifikatzeko.
Arazoren bat izan duzu pertsonalki?
B.H.: Pertsonalki, ez. Egia da supermerkatuetara joaterakoan nahiko tentsio egoten dela segurtasun agenteetako batzuekin, jendeak binaka sartu nahi badu adibidez. Baina momentuz ez naiz gehiegi atera, orduan nire aldetik ez dut arazo handirik izan.
Unibertsitateko ikaslea izanda, nola kudeatzen ari dira klaseak bertan?
B.H.: Online klaseak aurreko astean egiten hasi ziren, hau bigarrena litzateke, eta nahiko kaosa izaten ari da. Hasieran bazirudien aplikazioa ondo zebilela, baina ikasgai batzuetan jasan dut arazo teknikoren bat baino gehiago: mikroa ez doa ondo, sisteman zerbaitek huts egin du, blokeatzen da, eta bestelakoak. Klase batzuk bertan behera geratu dira, edo atzeratu egin dira. Gainera, etxetik egin behar izatea ere ez da oso produktiboa. Bertan ez egonda badirudi irakasleak esandako guztia garrantzitsua dela, eta ez dakizu oso ondo zer apuntatu eta zer ez.
Eta zuek parte hartzeko aukera izaten duzue?
B.H.: Irakasleak mozteko aukera ematen du, baina orokorrean eskatzen dute mikrofonoak itzalita edukitzeko. Momenturen batean pizteko aukera egoten da, galderak egiteko.
Ezagutzen duzu kutsatu den gertukoren bat?
B.H.: Oraingoz, ez. Zorionez.
Bertako lagunek nola daramate berrogeialdia?
B.H.: Gehienek ni bezala, baina batek adibidez praktikak zituen orain, eta ez daki egin ahal izango dituen ala ez, noiz hasi, noiz bukatu… Nahasmena dago. Haiekin kontaktua telefonoz mantentzen dut, baina bakoitza bere etxean egonda ez da berdina. Beintzat, pisukideak lagun onak ditut, eta beti dago zerbait egiteko. Baina ni, pertsonalki, egoera hauetan monotoniatik aldentzen eta nire egunerokotasunean zentratzen saiatzen naiz: irakurri, GRALa aurreratu, eta abar.
Nola bizitzen ari da egoera zure familia?
B.H.: Badakigu nolakoa den komunikabide handiek eskaintzen diguten informazioa, beraz orokorrean nahiko lasai hartzen saiatu gara. Gainera, oraindik egoera hain larria ez zenean eta Hegoaldera iritsi ez zenean, Donostiara buelta egin nuen bi astez. Ez nuen zalantzarik izan Siziliara bueltatzeko, eta haiek ere nahiko lasai zeuden. Hare gehiago jakinda Euskal Herrian ere antzeko egoerara iristeko gutxi falta dela.
Nola dago Italia momentu honetan?
B.H.: Informazioa beti kontrastatzen saiatzen naiz, baina egia da hemen kalera ateratzerakoan ez dagoela inor. Albiste asko ikusten ari gara, zenbait lantegi produzkioa jarraitzeko behartuak izan direla, edota zenbait langilek planto egin dutela enpresa batzuetan produkzioa eteteko asmoarekin. Hemen Sizilian agian ez hainbeste, baina Italian horrelakoak asko dira. Kartzeletan ere motinak egon dira presoen aldetik, eta egoera haientzat benetan latza izaten ari direla uste dut.
Azkenean, beti bezala, langilea kaltetuena izaten da. Botereek erabili egiten dute, ekonomia ez gelditzeko eta haien aginte posizioak indartzeko. Langile klasea erabiltzen duten bitartean, salbuespen neurriez hitz egiten dute.
Bestalde, sare solidarioak sortzen ari dira baita ere. Adibidez, auzoan liburu denda auto finantziatu bat dago, eta prestutasuna erakutsi dute etxeetara liburuak bidaltzeko.
Zein puntutan zaudete orain?
B.H.: Gaur jakin dugu apirilak 3a arte luzatuko dela berrogeialdia. Nik uste egun hauetan kasu ugari izango direla, ikusita atzo bertan egun bakar batean 480 pertsona hil zirela. Espero dut laister jeisten joatea, baina ez dut uste apirilaren 3an bukatuko denik. Pixkanaka ikusten joan beharko gara.