24 orduko epean Udaltzaingoak 44 isun jarri dizkie kaletik zebiltzan herritarrei
Udalak jakinarazi duenez, martxoaren 20ko 05:00etatik martxoaren 21eko ordu berera bitarteko epean, Udaltzaingoak 44 isun jarri ditu kalean zebiltzan herritarren artean, etxetik kanpo egoteko baliozko justifikaziorik ez zutelako. Ertzaintzak kalera irten edo saltokiak ireki ahal izateko baldintzak zerrendatu ditu, eta poliziak hainbat egun daramatza hirian gertatzen diren arau hausteak zigortzen.
Aipaturiko 24 orduko epean, Udaltzaingoak 150 jarduera egin zituen guztira, eta jarritako isunez gain, beste 26 pertsona identifikatu zituen etxetik kanpo egoteko baldintza betetzen zituzten ikusteko; horietatik, zazpi saltoki baten barruan zeuden, eta gainerakoak, berriz, bide publikoan. Era berean, saltoki bati isun bat jarri diote, alarma egoeraren Errege Dekretua urratzeagatik.
Identifikazio eta isunez gain, udaltzainek pertsona bat atxilotu zuten, desobedientzia edo erresistentziagatik, eta zirkulatzeko baimenik gabeko sei ibilgailu gelditu zituen.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko 2.338 isun jarri dira alarma egoera dela-eta ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Horietatik, 1.381 Ertzaintzak jarri ditu, eta gainerako 957ak, berriz, udaltzainek.