"Udal zerbitzu nagusiak ahal den modurik hoberenean eskaintzen direla bermatzea da lehentasuna"
Koronabirusak eragindako larrialdi egoerari modu eraginkorrean erantzuteko osatu zen udalaren koordinazio mahaia. Hor, udalaren departamentuetako arduradunek osasun krisiaren eguneroko jarraipena egiten dute, hiri mailako neurriak proposatu eta martxan jartzeko.
Zein da mahaiaren funtzioa?
Koronabirusak Donostian eragindako egoerari ahalik eta modu zuzenean erantzutea da koordinazio mahaiaren helburua. Udal egitura guztiaren eraginkortasuna bilatzeko eratu da, eta langile zein herritarren osasun baldintzak zaintzea du lehentasuna.
Modu zehatzagoan, zeintzuk dira uneotan lehentasunak?
Egun, udal zerbitzu nagusiak ahal den modurik hoberenean eskaintzen direla bermatzea da lehentasuna. Garraioa, segurtasuna, babes zibila eta gizarte zerbitzuak bere osotasunean eskaintzea lortu dugu. Gainera, arreta berezia jarri da egoera ahulenean dauden pertsonentzako laguntzan. Horrekin batera, udal administrazioaren funtzionamendua ez etetea zen beste helburua. Azkenik, herritarrei informazioa eskaini nahi diegu, egoera honetan zalantza eta kezka asko sortu direlako.
Nortzuk osatzen dute koordinazio mahaia?
Udaletxeko zerbitzu orokorren koordinatzailea da talde honen burua. Harez gain, Lehendakaritzako, Giza baliabideetako, Osasun publikoko, Lan arriskuen prebentzioko eta Komunikazioko arduradunek osatzen dute. Arduradunak biltzen dira, unean uneko beharrei erantzuteko.
Aurretik, zein beste egoeratan osatu da larrialdietarako mahaia?
Era honetako egoera ez dugu inoiz bizi, baina SARS sukarraren izurriteari aurre egiteko antzeko talde bat sortu zen.
Zenbatero eta non biltzen zarete?
Egunero elkartzen gara. Talde honek bilera presentzialak egiten ditu une batzuetan udaletxean bertan eta bestetan modu birtualean.
Maneiatzen dituzuen datuak zenbatero jasotzen dituzue? Noren bidez?
Udal zerbitzu ezberdinek egunero eskaintzen dituzte datuak, beharren arabera.
Nolakoa da jaurlaritzarekin eta aldundiarekin izaten ari zareten harremana?
Harremana zuzena eta etengabea da. Horrelako krisi batek erakunde guztien koordinazioa ezinbesteko bilakatu du, eta halaxe izaten ari da, maila guztietan.
Herritar eta eragileen ekarpenak kontuan hartzen al dituzue?
Jakina. Herritarrek euren iradokizun eta galderen bitartez informazio asko eskaintzen dute. Eraginkorrak izan daitezkeen ekarpenak kontuan hartzen dira. Oker egindakoak zuzentzeko ere balio dezakete.
Udalak harreman zuzena du Espainiako Gobernuarekin? Zertarako?
Espainiako Gobernu ordezkaritzarekin harremanetan egon gara, adibidez, langileen babeserako material hornidura azkarrago lortzeko.
Armada estatuko hirietako kaleetan egongo dela iragarri zuen joan den igandean Espainiako Defentsa Ministroak. Donostian irudi hori ikusiko dugu?
Ez da udalaren ardura eta ez dugu informaziorik.
Alarma egoera honetan, zer moduz erantzuten ari da Donostia?
Orohar, jendearen gehiengo zabal batek emandako irizpideak bete ditu. Modu serioan eta arduratsuan erantzun dute. Donostiarrena txalotzeko eta harro egoteko moduko erantzuna izaten ari da.
Auzoetan hainbat zaintza talde antolatu dira. Nolako harremana du udalak beraiekin?
Eusko Jaurlaritzak bideratu duen lankidetza sarearen bitartez bideratzeko hautua egin dugu. Elkartasun ekimen guztiak ongi etorriak dira, baina borondateaz gain eraginkortasuna eta berme osoa behar dute osasun publikoaren aldetik. Batetik, lagundu nahi diren horiek ez kaltetzeko eta, bestetik, bolondresen egoera ere zaintzeko. Udalak pertsona bat jarri du auzo elkarte eta talde horiekin bitartekaritza lana egiteko eta ekimen horiek modu egokian antolatzeko.