Dbusek autobusetako leku kopurua mugatu du, "gehiengo gomendagarrira" egokitzeko
Koronabirusa dela eta, Dbusek autobusetako leku kopurua mugatu du, “eskumena duten agintaritzen” argibideei jarraituta.
Ibilgailuen barruan pegatina batzuk jarriko dituzte, autobusetara igo eta eseri nahi duten erabiltzaileek jakin dezaten non kokatu behar duten. Zutik doazen pertsonei dagokienez, autobusaren barruan beste erabiltzaileekiko segurtasun distantzia mantentzeko eskatu die enpresak.
Dbusek jakinarazi du ibilgailuetan kartelak jarriko dituztela, baimendutako gehienezko leku kopurua zehazteko. “Erabiltzaileen erantzukizuna izango da jarraibide horiek errespetatzea. Gogoratzen da autobusean ezin dela taldean bidaiatu”, adierazi dute arduradunek.
Honakoak dira autobus bakoitzean gomendatzen diren erabiltzaileen leku kopuru eguneratuak:
- Hamabi metroko autobusak: hogei pertsona.
- Hemezortzi metroko autobusak: 25 pertsona.
- Hamar metroko autobusak: hamalau pertsona.
- Mikrobusak: zortzi pertsona.
Aldaketak lineetan
Halaber, Dbusek zerbitzuen aldaketak iragarri ditu gaurtik aurrera, “eskaintza egoera berrira egokitzeko”:
- Astelehenetik ostiralera, orain arte larunbatetan ematen zuten zerbitzua emango dute. Hortaz, azken irteerak 22:30ean izango dira, beranduenez (ikusi informazioa geltokiko iragarki taulan, webgunean eta appean).
Era berean, 5. Express (Unibertsitatea-Zuatzu) linearen zerbitzua emango dute:
- Irteerak Bulebarra-Zuatzu: 6:27 – 6:47 – 7:25 – 7:50 – 8:10 – 8:20 – 8:39 – 8:48 – 8:56 – 9:13. Eta 9:45etik 19:45era 30 minuturo.
- Irteerak Zuatzu-Bulebarra: egunero 9:32ak arte. Eta 10:13etik 20:13era 30 minuturo.
- Larunbat, igande eta jaiegunetan: Honako estekan ikusi daitezke ordutegi guztiak, eguneratuta.
- TB6 Uliako Taxibusaren zerbitzua aldatu egin da. Taxibusen erreserba eta zerbitzu bakoitzean soilik pertsona batek bidaiatu ahal izango du. Aldiz, beste pertsonaren batek desgaitasunen bat duten pertsonekin, adingabeekin edo adinekoekin bidaiatzen badu, edo justifikatutako beste arrazoiren bat badu, zerbitzua erabiltzeko aukera izango du. Kasu horretan, arrazoia egiaztatu egin beharko du.