Erresidentzietako langileek eskatu dute zahar egoitzetan langile gehiago kontratatzeko, protokoloak bete ahal izateko
Espainiako Gobernuak zahar etxeen kudeaketa autonomi erkidegoen eskuetan uzteko erabaki ondoren, ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko hiru foru aldundiei agintzeko zahar etxeetan eta zentro sozio-sanitarioetan langile gehiago kontratatzeko. Eskaera, egoitza publiko, itundu zein pribatuetara zuzenduta dago.
Izan ere, ELAren arabera, sektorean dagoen langile falta eta lan karga handia arazo estrukturalak dira, eta Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek bultzatutako foru dekretu eta aginduen emaitza zuzena dira. Sindikatuaren ustez, dekretu eta agindu horiek “enpresa onura eta negozioa” bilatu dute, langileen lan baldintza duinen eta adinekoen kalitatezko asistentziaren ordez.
Era berean, salatu dute gaur egungo langile kopuruarekin ezin dutela bete koronabirusa dela eta, martxoaren 19an Espainiako Gobernuak ezarritako zahar egoitzetarako protokoloa –nahiz eta protokolo hori nahikoa ez dela uste duten–. Horretaz gain, aldarrikatu dute “premiazkoa” dela zahar egoitza eta zentro sozio-sanitario guztietan honako prebentzio neurriak hartzea: zentro horietako langile guztiei COVID-19aren testak egitea, egoiliarren eta langileen osasuna zaintzeko, zentroak beharrezkoak diren materialez hornitzea (maskarak, eskularruak, eta abar) eta instalazio guztiak desinfektatzeko “ezohiko neurriak” hartzea.
Bestalde, egoiliarren senideen elkarteak egin duen moduan, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio egoiliarrek eta euren familiarrek osasun krisian zehar tratu “gizatiarra eta duina” izan dezaten bermatzeko. Gogoratu beharra dago koronabirusaren pandemia Euskal Herrian hedatzen hasi zenean, erresidentzietako langileek euren greba atzeratu egin zutela –243 egun zeramatzaten greban–, adinekoek kalitatezko asistentzia jaso zezaten.