Gehiegizko zaratak ekiditeko "hiritarren laguntza" eskatu du Udalak
Konfinamendua hasi zenetik, udalatzaingoak dei kopuru handia jaso duela adierazi du, auzo komunitateetan sortutako eragozpenak direla eta. Gehienbat etxebizitzetan sortzen diren zaratak salatzeko izan direla azaldu dute, bereziki “gaixoen eta osasun arloko profesionalen atsedena eragozten dutelako”.
Azken astean 092 Koordinazio Zentralak 70 dei baino gehiago jaso dituztela aipatu dute, auzo komunitateetan sortutako eragozpenak salatzeko. Horietatik gehienak baimendutako dezibelak gainditzen duten musika jartzeagatik izan dira.
Hiri-Segurtasun eta Herri-Babeseko zinegotzi Martin Ibabek azaldu duenez, dei gehienak adineko pertsonak eta gaixoak bizi diren etxebizitzetatik jaso dituzte, baina baita osasun arloko profesionalen etxebizitzetatik ere. Ibabek gogorarazi nahi izan du profesional hauek lan handia jasaten ari direla, eta “atseden artzeko arazoak” izaten dituztela, gehiegizko dezibelak direla eta.
Etxebizitza guztien laguntza eta errespetuaren mantentzea eskatu du: “Ulertzen dugu konfinamendu egoera zaila dela, eta bozgorailuak kalera ateratzeak egoera eramangarriagoa egiten duela. Baina aitzitik, pertsona asko kaltetzen ari gara, besteak beste, egunero egoera zail honi aurre egiteko borrokan ari diren profesionalei”.