Hamabost etxebizitza egokitzen ari da udala, sor daitezkeen premiazko beharrei erantzuteko
Donostiako Udala, Etxegintza eta Gizarte Ekintza Saila hamabost etxebizitza prestatzen ari dira, “osasun larrialdi egoera honetan” sor daitezkeen premiazko beharrei aurre egiteko. Udalak jakinarazi duenez, joan den ostiralean etxebizitzak Gizarte Ekintza Sailaren esku gelditu ziren, eta horiek hornitu gabe daudenez, egokitzapen lanak egiten ari dira, “ahalik eta azkarren” prest izateko.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera, etxebizitza horiek hiriko hainbat auzotan daude, eta gizarte-zerbitzuetako teknikariek lagunduko dituzte erabiltzaileak aldi baterako etxebizitza horietara. Halaber, esan du, Etxegintzako teknikariak Gizarte Ekintzako teknikariekin elkarlanean ari direla egoera horiek artatzen, eta gaineratu du horrela jarraituko dutela osasun larrialdi egoerak irauten duen bitartean.