Stop Kaleratzeak plataformak neurri eraginkorrak eskatu ditu krisiaren aurrean
Stop Kaleratzeak Euskadi plataformak hipoteka eta alokairuen inguruko neurri eraginkorrak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako gobernuari. Osasun krisi honen aurrean, erakunde publikoek giza talde zaurgarrienak babestu behar dituztela gogorarazi dute, “bereziki alokairuan bizi diren horietatik haien irabazien %40a etxebizitza gastuetan ematen dutenak, eta etxegabetze arriskuan bizi direnak”. Azaldu dutenez, Alokabideren betebehearra da alokairua eta oinarrizko horniketak kezka arrazoia izan ez daitezen bermatzea.
Katalunian, Valentzian eta Madrilen alokairu publiko eta sozialak babesteko neurriak hartu direla aipatu dute, eta salatu dute EAEn Alokabidek ez duela ezer esan oraindik: “Egia da Alokabidek errentak egokitu ditzakeela irabazien murrizketen arabera, baina gaur egungo egoeraren aurrean, maizterrak kuota eta komunitate gastuak hiru hilabetez ordaintzetik libratzen dituela publikoki iragarri beharko luke, familia zaurgarri hauen segurtasuna bermatzeko”.
Bestalde, Blackstone, Azora eta Encasa Cibeles bezalako higiezin enpresek alokairuen ordainketak bi hilabetetan luzatzea pentsatzen ari dira, ondoren ordainketa erraztasunak emateko. Salatu dute enpresa hauek ez daudela prest haien mozkin marjina murrizteko, eta familiak laguntzeko aitzakiarekin, soilik ordainketa bermatzea lortu nahi dutela, dirurik galdu gabe.
Estatu mailan neurri sozialak handitzea galdegin dute, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote erantzun bat antolatzen hasteko, “udalen eta aldundien neurri sakabanatuen ikuskizun tristearekin amaitzeko”.
Donostiako maizterren sindikatuak bizilagunak antolatzeko deia egin zuen aurreko astean, krisiak eragindako irabazien jeitsieraren aurrean hainbat gaietan laguntza eskaintzeko: zalantza legalak argitzeko, jabetzarekin bitartekaritza egiteko, edota ez ordaintzeen aurrean defentsa kolektiboa antolatzeko.