Txuri Urdin Izotz Hockeyko mutilen taldea finala noiz jokatu zain dago
Martxoaren 14ko asteburuan jokatu behar zuen taldeak Ligako finaleko lehen partida -5 partidatara egin ohi da finala-, baina COVID-19aren harira hartutako erabakiek, norgehiagoka atzeratzera derrigortu zuten Izotz Kirolen Espainiako Federazioa.
Martxoaren 11an Federazioak jakinarazi zuen hilabete honetan egingo ziren estatu mailako izotz kirolen norgehiagoka guztiak atzeratzen zirela. Horietako batzuk ziren, besteak beste, Senior Mutilen Ligako finala, Senior Nexken Erreginaren kopako klasifikazioa, Curlingeko Espainiako Txapelketa Mixtoa eta Liga eta Kopako Espainiako Curling Txapelketako finalak.
Erabaki honek bete-betean harrapatu zituen Txuri Urdin Izotz Hockeyko mutilen eta nesken taldeak, baita Txuri Berri-Cafes Aitona Curlingeko zenbait talde ere. Azken hauen kasuan, gainera, Nazioarteko Curling Federazioak 2019-2020ko denboraldia guztiz amaitutzat jotzen duela adierazi zuen ostegunean eta, beraz, txapelketa guztiak bertan bera gelditzen direla.
2019-2020ko finala modu jarraian irabazi dezaketen laugarrena da Txuri Urdin Izotz Hockeyko mutilentzat. Aurten aurkaria CG Puigcerdà taldea da. Printzipioz, betiko logika mantentzen bada, finaleko lehen bi partidak Donostian izango dira, Ligako fase erregularrean Txuri Urdin Puigcerdàren aurretik geratu zelako -donostiarrak bigarren, katalanak laugarren-. Ondorengo bi partidak Puigcerdàn izango lirateke eta azkena, beharrezkoa balitz, Txuri Urdin Izotz Jauregian berriro. Hiru partida irabazten dituen lehen taldeak eramango luke liga.
Nesken taldeari dagokionez, Erreginaren Kopako final laurdenak jokatu behar zituzten martxoaren 14ko asteburuan, haiek ere CG Puigcerdà taldearen aurka. Orain data berriak definitzeko daude.