40 etxegabe Uba aterpetxera mugitu dituzte Atanoko jende kopurua arintzeko
Udala joan den asteazkenean iragarri zuen Atano III pilotalekua hiriko etxegabeentzako aterpetxe bilakatuko zuela, 80 oherekin. Bada, orain, hor ziren 40 pertsona lekualdatu egin behar izan dituela jakinarazi du udalak, pilotalekuan pilatutako jende kopuruak osasun baldintzak bermatzea galarazten zuelako, eta Ametzagaña parkeko Uba aterpetxera eraman ditu.
Eneko Goiak azaldu duenez, hasiera batean jarritako 80 ohe horiek lehen harrera bat egiteko balio izan dute, “baina segituan ikusi genuen hori jaitsi egin behar zela”. Hain zuzen, pertsonen arteko segurtasun distantzia betetzea zaila zen egoera horretan, eta hor zeudenen erdia lekualdatzeak osasun neurriak betetzea ahalbidetuko duela nabarmendu du alkateak.
Guztira, udalak lau aterpetxe jarri ditu etxerik gabeko pertsonen eskura: Abegi Etxea, Ondarretako Aterpea, Atano III pilotalekua eta Uba aterpetxea. Horietan, guztira 154 pertsonari eman zaie ostatu, garbiketa baliabideekin eta otorduekin batera.
Alkateak udal Gizarte zerbitzuak pertsona etxegabeekin egiten ari diren esfortzua nabarmendu ditu goizean eginiko agerraldi telematikoan, eta aipamen berezia egin dio lan horretan laguntzen ari den Arrats elkarteari.