Alokairu sozialeko etxebizitzetako errentak eteteko eskatu dio EH Bilduk Etxegintzari
COVID-19 birusak k eragindako osasun krisiak “kontaezinezko ondorio sozial eta ekonomikoak” sortzen ari dela uste du EH Bilduk, eta horregatik, uste dute udal gobernuak krisiaren osasun kudeaketa egiteaz gain, beste neurri ekonomiko batzuk jarri behar dituela martxan, “okerren pasatzen ari diren donostiarrentzat”.
Hori adierazi du udal taldeak ohar batean, eta zehazki, eskaera bat luzatu diete udal gobernuari eta Donostiako Etxegintzari: sozietateak kudeatzen dituen alokairu sozialeko etxebizitzei dagokienez, eskatu dio errentak bertan behera uzteko, krisi honen ondorioz diru-sarrerak murriztu edo desagertu diren kasuetan.
Hain zuzen, azaldu dute hirian ERTEak eta EREak ugaritzen ari direla, eta, autonomo askok ezin dutela lan egin “alarma egoera” dela eta. Horren aurrean, uste dute Donostiako Udalak, krisiak eragindako ondorio ekonomikoak “arintzeko” neurriak jarri ditzakeela. Neurri hori martxan jarri ahal izateko, Donostiako Etxegintzan kontseilua egitea eskatu du EH Bilduk.
Era berean, osasun neurriak eta Osakidetzako langileen lana errazteko neurriak ere proposatuko ditu EH Bilduk, esaterako, Etxegintzak kudeatzen dituen etxebizitzetako eta apartamentuetako elementu komunak garbitzeko protokolo bat proposatuko dute, “adinekoentzako apartamentuetan arreta berezia eskainiz”.
Bestalde, merkataritza txikian ondorio negatiboak “arintzeko”, udalaren menpe dagoen Zorroaga Fundazioak kudeatzen dituen lokal komertzialen alokairuaren ordainketa bertan behera uzteko ere eskatu du udal taldeak.