Egoitzetan isolatuta daudenen familiek kezka helarazi diote Gipuzkoako Foru Aldundiari
Egoitzetako langileak babesteko beharrezko ekipamendua falta dela salatu dute Gipuzkoako Senideak elkartetik. Senideen arteko komunikazioa "maila murritzekoa" dela ere aipatu dute, eta Foru Aldundiari konponbideak eskatu dizkiote.
Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak irratian egindako deklarazio batzuen harira, Gipuzkoako Senideak elkarteak erantzuna eman du hainbat gaien irunguan. Azaldu dutenez, familiak oso kezkatuta daude senideak egoitzetan isolatuta daudelako. Aldundiak gaiari “modu erabakitzailean” heldu behar diola pentsatzen dute, “eta ez adabaki justifikatzailerik jarri aurpegia hedabideen bidez garbitzeko”. Senideen arteko komunikazio arazoa berehala konpontzeko eskatu diete.
Ohar batean azaldu dutenez, bozeramaileak aipatu zuen langileak norbera babesteko beharrezko ekipamenduekin hornitzen ari direla. Elkarteak jakin duenaren arabera, ekipamendu hori ez da iritsi eta ez omen dago langileak berehala horitzeko asmorik. Salatzen dute kutsatzeko arrisku handiena duen populazioaren segmentua ez dela behar bezala babesten ari.
Aldundiak familiekin duen komunikazioa ere “maila murritzekoa” dela aipatu dute, familia gehienek ez dutelako senideen berririk izaten. Horrek familiei antsietate larria sortzen diela aditzera eman dute. “Guztiaren gainetik, egoera ulertzen dugun herritar arduratsuak gara, eta ez dugu eskatzen Foru Erakundearen irismenetik kanpo dagoen ezer”, nabarmendu dute oharrean.
Kabia Foru Organismo Autonomoko gerenteari proposamena egin diote; telelana egiten ari diren diputatu eta funtzionarioen eramangarri eta tabletak egoitzei eman ahal izatea, hain zuzen ere, senideen arteko komunikazio hori ahalbidetzeko: “Politikari eta funtzionario horiek guztiek interneterako konexioa izango dute beren etxeetan, eta seguru, ordenagailu bat baino gehiago. Horrela, ez litzateke beharrezkoa izango elementu eramangarririk erosi behar izatea, eta are gutxiago garbiketan denbora galtzea, hori baita Kabiatik ematen den justifikazioetako bat”. Senideen arteko harremana “hil ala bizikoa” dela azpimarratu dute.
Aldi berean, prentsari egotzi diote gai hauen inguruan Foru Aldundiarengana jotzea soilik, zentroetako zuzendarien ikuspegiaren eta ekarpenaren gainetik.
Bestalde, Matia kalean dagoen Gurutze Gorria zentro soziosanitarioan COVID-19agatik kutsatutako lehenengo bi pertsona nagusiak sartu dira dagoeneko. Orotara, 28 dira Gipuzkoako adinekoentzako egoitzetan birusak kutsatutako pertsonak: hamalau Irungo Caser Residencial Anaka zentroan (Irun), hamar Tolosako Iurramendi egoitzan, hiru Hondarribiko Caser Residencial Betharram zentroan, eta gaixotu bat Eibarreko Egogainen (Eibar).