"Guztia pasa ondoren iraun dezakeen egoera psikologiko eta emozional bat da konfinamendua"
Saioa Otegi Apaolaza psikologoarekin hitz egin dugu, konfinamenduak gizartearen osasun mentalean izan ditzakeen ondorioak azaltzeko eta horiei aurre egiteko hainbat gomendio emateko.
Etxean konfinatuta egotea egoera zeharo ezohikoa da gaur egungo gizartean, eta oraindik zaila da jakitea nolako ondorioak izango dituen. Segur aski, gizartearen arlo guztietan eragingo du koronabirusak sortutako egoera honek.
IRUTXULOKO HITZAk gizarte harremanetan, arlo ekonomikoan eta gizartearen osasun mentalean izango duen eragina aztertu du aste honetan, Aitzpea Leizaola antropologoaren, Mikel Navarro ekonomistaren eta Saioa Otegi psikologoaren eskutik. Hiru elkarrizketak ostiraleko astekarian egongo dira irakurgai, baina bitartean, hemen duzue Otegiren elkarrizketaren zati bat, aurrerapen gisa:
Zer da konfinamendua?
Zure limiteak moztuta egotea. Konfinamenduaren inguruan egon izan diren esperientziek, presondegi egoerek, esaterako, erakusten digute konfinamendua guztia pasa ondoren iraun dezakeen egoera psikologiko eta emozional bat dela.
Zein eragin psikologiko izan ditzake egoera honek hemendik aurrera?
Alde batetik, egoera desafiatzaile bat da, eta, horren aurrean, gehienok ez daukagu esperientziarik. Horren harira, hiru puntu nabarmenduko nituzke: mugikortasun mugak, ohitura aldaketak eta ziurgabetasuna. Estres post-traumatikoa eta depresioa eragin ditzake horrek.
Bestetik, estrategia desadaptatiboak eman daitezke, esaterako, sustantzien, sedentarismoaren eta teknologiaren gehiegikeriak.
Hirugarren puntuan bakoitzaren egoera emozionala izango genuke. Eragin psikologikoa izan dezaketen emozioak, orokorrean, amorrua, beldurra, suminkortasuna, tristura eta, kasu batzuetan, kulpa izaten dira. Horren aurrean, hauek dira egoera zaurgarrienean dauden pertsonak: arazo psikiatriko edo psikologikoak dituztenak, langile sanitarioak, bakarrik daudenak, gizarte bazterketa egoeran daudenak, gaixotasun koronarioak dituztenak eta biolentzia egoera batean daudenak.
Laugarrenik, aipatu behar da egoera emozionalak okerrera egin dezakeela. Konfinamendu egoeretan ikusi izan da hamar egun pasa ondoren suminkortasuna nabarmenagoa izan daitekeela, beraz, errazagoa da aztoratua egotea eta frustrazioa sentitzea. Horren aurrean, garrantzitsua da errutina bat ezartzea, malgua bada ere.
Azken puntua galera ekonomikoak izango lirateke: lan egin ezina eta hainbat estigma sozial sortzea. Agian ez da gaixotasun honen inguruko estigma bat sortuko, hiesaren inguruan sortu zen moduan, baina badago epaiketara lotzen den estigma bat. Hau da, batzuek sentitu dezakete besteen aurrean euren ekintzak justifikatu behar dituztela.