Koronabirusak kutsatutako lehen bi pertsonak eraman dituzte Matia kaleko Gurutze Gorriaren eraikinera
COVID-19 birusak kutsatutako pertsona nagusietako egoitzetako pertsonen arretarako egokitu dute Matia kaleko Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioa. Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, birusak kutsatutako lehen bi pertsonak ospitaleratu dituzte dagoeneko eraikinean. Hain zuzen, Irungo Caser Residencial Anaka egoitzako bi erabiltzaile dira, eta orotara, hamalau pertsona daude kutsatuta Irungo zentro horretan.
Orotara, 28 dira Gipuzkoako adinekoentzako egoitzetan birusak kutsatutako pertsonak: hamalau Irungo Caser Residencial Anaka zentroan (Irun), hamar Tolosako Iurramendi egoitzan, hiru Hondarribiko Caser Residencial Betharram zentroan, eta gaixotu bat Eibarreko Egogainen (Eibar). Desgaitasuna duten pertsonei dagokionez, kaltetutakoen kopuruak bere horretan jarraitzen duela jakinarazi dute: sei dira Hondarribiko Uliazpin eta bat Donostiako Berriz 1en.
Mendozak adierazitakoaren arabera, “beharrezkoak diren neurri guztiak” ari dira hartzen egoitzetan: Caser Residencial Anaka zentroari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuak instalazioen desinfekzioa egin dute, eta espezializatutako enpresa batek “gela guztien garbiketa espezifikoan sakonduko du”.
Era berean, Mendozak jakitera eman du “beharrezko detekzio froga guztiak” egiten ari direla, bai pertsona erabiltzaileen artean, baita profesionalen taldean ere. Bozeramaileak, gainera, baieztatu du egoitzak “babeserako behar duen material guztia” duela eskura, eta lan taldea indartu dutela “egoera konplexu honi aurre egiten jarraitzeko”. Aldiz, atzo ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion EAEko hiru foru aldundiei agintzeko zahar etxeetan eta zentro sozio-sanitarioetan langile gehiago kontratatzeko.
Amaitzeko, bozeramaileak azpimarratu du zentroko erabiltzaile eguztien “familia guztiak jakinaren gainean daudela”, eta berretsi du egunero jasotzen dituztela deiak, zentroaren egoeraren, eta haien gertuko senitartekoen osasun egoeraren berri emateko.