"Kulturgileok ez gaude soilik larrialdi egoeretan jendea entretenitzeko"
Liher rock laukote donostiarrak 'Hemen herensugeak daude' diskoa kaleratu berri du, eta aurkezpen bira hasita zeukan dagoeneko. Koronabirusaren krisiak hainbat kontzertu bertan behera uztera behartu ditu.
Kolpe handia jaso du zuzeneko kulturak koronabirusaren krisiarekin. Sortzaile ugarik bertan behera utzi behar izan dituzte haien kontzertu eta emanaldiak, haien eta ikus entzuleen osasunaren hobe beharrez.
Liher musika talde donostiarrak anbizio handiko diskoa kaleratu zuen martxoan. Taldearen hirugarren estudioko LPa transmedia lana da, ikus-entzunezkoak eta ilustrazioak tartekatzen baititu. Fikziozko istorio bat kontatu dute hamalau abestietan zehar, galdera batetik abiatuta: “nola erreakzionatuko zenuke bortxatua izango bazina?”. Laukotea prest zegoen diskoa Euskal Herriko aretoetan aurkezteko, eta lehenengo geldialdia etxean egin behar zuten, Donostiako Dabadaba aretoan. Europan bira txiki bat egin zuten, beroketa moduan, eta sei kontzertuetatik lau besterik ezin izan zituzten eman. Furgoneta hartu eta etxera bueltatu behar izan ziren.
Nolako eragina izan du COVID-19aren krisiak egin berri duzuen Europako biran?
Lide Hernando (L.H.): Oraindik koronabirusa arrisku handia ez zen garaian atera ginen. Laugarren egunetik aurrera gure managerrari lehenbiziko albiste txarrak iristen hasi zitzaizkion. Berak talde txiki edo ertainak eramateaz gain, kontzertu handi batzuen produkzioa eramaten du. Ez genuen uste guri ere gertatuko zitzaigunik, baina egunetik egunera asimilatzen joan behar izan genuen. Europan eman behar genituen azken bi kontzertuak bertan behera geratu ziren; bata Luganon zelako, Ticinon, Suitzan eta Italiaren arteko mugan dagoena, eta bestea Berlinen.
Nola uste duzue eragingo diola aurrerantzean zuen disko berriaren aurkezpenari?
L.H.: Eragin zuzena izango du. Ez dugu aurkeztuko nahi genuen lekuan, ordenean, eta momentuan. Europara joateko arrazoietako bat, bertara joateaz gain, Dabadaban eman behar genuen kontzertura prest iristeko entrenatzea zen. Beste eragin bat diru falta izango da. Pentsa urte bat baina gehiagoz lortutako diru guztia disko batean inbertitu dugula…
Nola eragiten dio musikagile bati honelako arazo batek?
L.H.: Bai emozionalki eta bai ekonomikoki, eta esango nuke biak maila berean. Kolpe handia izan da. Gure kasuan, ez gara musikatik bizi, eta bakoitzak gure soldata dugu. Gure bigarren ogibidea poltsikotik ordaindu beharko dugu. Musika pasioa bada, baina proiektu bat aurrera eramateko dirua behar da. Jarritako diru guzti hori galtzen baduzu, eta gainera ez dagoen lekutik ateratzen saiatu behar bazara, oso zaila egiten da. Emozionalki ere beste horrenbeste, ilusio guztia jarrita geneukan diskoan eta aurkezteko biran.
Noiz espero duzue berriro jotzea?
L.H.: Ikusi beharko dugu. Argi dagoena da koronabirusak uzten digun momentuan hasiko beharko dugula jotzen, eta ez guk planeatu bezala. Dabadabako kontzertua prestatuta geneukan, eta orain badakigu seguraski lehenengoa ez dela Donostian izango. Etxean hasteak ilusio handia egiten zigun, berezia izan behar zuen. Espero dugu diskoa zuzenekoetan lehenbailehen aurkeztu ahal izatea.
Anbizio handiko diskoa atera berri duzue, Hemen herensugeak daude izenekoa. Nondik dator titulua?
L.H.: Latinetik datorren esaldi bat da (Ic sunt dracones). Erdi Aroan mapetan erabiltzen zen, lurralde guztia ezaguna ez zen garaietan. Disko honetan bortxaketa bat pairatzen duen emakume baten fikziozko istorioa kontatu dugu, eta esaldia baliatu dugu metaforikoki adierazteko gertaera latz hori jasatean protagonista “lurralde ezezagunetan” sartzen dela.
Fikziozko istorioa erabili duzue, benetako arazoa den indarkeria matxista salatzeko. Uste duzue horrelako kontakizunak geroz eta ugariagoak eta beharrezkoagoakk direla?
L.H.: Aspaldidanik ere beharrezkoak ziren, baina zorionez kontzienteago gara gizarte bezala horrelako kasuak asko direla. Gero eta gehiago gara horrelako gauzei buruz hitz egiteko ahotsa duguna.
Nola otu zitzaizuen disko kontzeptual bat egitea?
Iñigo Etxarri (I.E.): Tenpluak Erre 2018ko martxoan atera genuen, eta maiatzean dagoeneko hurrengo lanean pentsatzen ari ginen. Hari gidari baten beharra sentitzen genuen, diskoaz hitz egiterakoan zaila egiten zitzaigulako azaltzea zertaz zioan diskoa. Lidek zirriborro bat erakutsi zigun, Oskarbi abestiarena, eta hori abiapuntu hartuta lehenago eta ondoren gertatzen dena eraikitzen hasi ginen.
L.H.: Abesti horretan hasten da korapiloa, nolabait. Han hiltzen du gizona, eta “gizarteko mapetatik” ateratzen da.
Zaila izan al da kantuetan zehar kontakizun kronologikoa mantentzea?
I.E.: Erronka bat izan da. Bagenituen bozeto nahikoa, bagenuen arku narratibo bat, eta nolabait film baten soinu banda egitea bezala izan da.
L.H.: Hezurdura pentsatuta geneukan, eta tartean gertatzen dena genituen abestien arabera sortzen joan da.
Joshka Natke (J.N.): Musika eta istorioa elkar elikatu dira, azken finean. Batzuetan musikak letra inspiratzen zuen, eta alderantziz.
Diskoak ere badu ukitu zinematografiko bat…
I.E.: Zinematografikoagoa egin nahi genuen, berez; interludioak sartu ahots eta efektuekin, adibidez, baina asko luzatzen zen.
J.N.: Istorio bat kontatuko genuela argi genuenetik, nahi gabe klabe zinematografikoetan aritu gara pentsatzen. Denok gara zinema zaleak.
L.E.: Badago baita ere erreferentziaren bat; esaterako, Thelma & Louise abestian. Diskoa eta abestiak sortzean ez nuen pelikula honetan pentsatu, baina hor zegoen azpikonszientean.
Teloia singlearen bideoklipaz gain, diskoa atera baino lehen hitzaurreko bideo bat kaleratu zenuten, eta euskarri fisikoan abesti bakoitzeko Matu Santamariak egindako ilustrazioak aurkitu daitezke. Nola izan da prozesua?
I.E.: Kasualitate kontua izan da. Iazko abuztuan filmatze batean negoen lanean, eta Nitya Lopez zuzendaria ere bertan zebilen. Lidek ordurako narratiba hori zuen, eta ideia geneukan 2-3 minutuko bideo “inozo” bat egitea. Nityak gure ideia hori laburmetrai bihurtu zuen.
L.H.: Erreferentzia moduan Queens of the Stone Age taldea hartu genuen. Haien azken diskoa aurkezteko promozio bideo batean, taldekideak agertzen ziren poligrafo froga bat egiten, eta horrela informazioa ematen zuten diskoari buruz. Antzeko zerbait egin nahi genuen, baina azkenean teknikoki gainditu dugu haiena (barreak).
J.N.: Promozio euskarri hori gure istorioarekin harremandu ahal izan dugu.
Zer desberdintasun ditu disko honek aurrekoarekin alderatuta?
L.H.: Musika aldetik haria jarraitzen duela esango nuke. Tenpluak Erre gustatu zitzaionari azken hau gustatuko zaiola uste dut. Disko berriak bluesetik asko edaten du, baita stonerretik soinu aldetik, eta abesti azkarrak ere badaude punk eta hardcore kutsuarekin.
I.E.: Egia da orain arte ukitu ez ditugun estiloak ere sartu ditugula. Lehen aldiz akustiko bat egin dugu Zure azal abestian, Teloia abestiak dance motako erritmoa du, hardcore melodikoa ere badago… Orain arte egindakoa mantentzen saiatu gara, baina gelditu gabe eta gauza berriak sartuz.
Lehen aldiz Euskal Herritik kanpo grabatzea erabaki duzue. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
I.E.: Santi Garcia lehenengoz Cobra taldearen diskoan parte hartu nuenean ezagutu nuen, duela lau urte. Lehenagotik egindako lana arakatzen hasi nintzen, eta ikusi nuen bere marka eta soinu propioa baduela. Astebete eman dugu San Pere Molanta (Bartzelona) herriko Cal Pau masian, bateriak grabatzen, eskailera baten azpian. Ondoren Gironako Sant Feliu de Guíxols herrira joan ginen, Ultramarinos Costa Brava estudioan baxuak, kitarrak eta ahotsak grabatzera beste bi astez.
Egoera ezohikoa bizi dugu orain, eta horrek kulturan ere eragiten du. Zer egin daitekeela uste duzue, krisiari aurre egiteko?
L.H.: Alemanian kontzertuak bertan behera uztera behartuta geratu diren horiei gobernuak diru sarrera bat emango die, adibidez. Oso zaila ikusten dut gure gobernuak horrelakorik egitea, egia esan. Arazoa handia da, eta ez dio bakarrik musikariei eragiten, entretenimenduaren industrian aritzen diren guztiak kaltetzen ditu, baita beste hainbat sektore ere.
Nik eskatuko nukeena da egun hauetan kultur sektoreaz gogoratzen ari direnak krisia amaitzerakoan ere gutaz gogoratzeko. Kulturgileok ez gara bakarrik emergentzia egoeretan jendea entretenitzeko gauden ‘feria tximu’ batzuk. Artean aritzen garen pertsonak gara, guretzat hau pasioa da, kultura da, gure herritik eta gure hizkuntzan egindakoa, eta ez da horrela tratatzeko modukoa.