Maskarak josi eta josi
Osasun arazoak eta babesteko materialak lortzeko zailtasunak direla eta, hainbat herritar mobilizatu dira beren gaitasunez baliatuz beharrei erantzuteko.
Whatsapp talde batzuen bitartez koordinatzen dira. Batzuek jostea dute ogibide, beste batzuek moztea. Baina badira bere denbora librean jostunak direnak, hasiberriak direnak eta inoiz josi ez dutenak. Aieten, Larratxon, Altzan. Emi, Nabila, Nekane. Denak helburu batekin ari dira: maskarak egitea.
Hasieran, Beatriz Cillerok (Altza, 1997) bakarrik egiten zituen maskarak bere makinarekin. Ez da jostun profesionala, garbitzailea baizik, baina Altzako kultur etxean egindako ikastaro batean eta garai batean bere denbora librean ikasitakoarekin eta Youtuben topatutako patroi batekin moldatzen ari zen. Bere bizilaguna, aldiz, mozketa lanetan profesionala da. Eta koordinatzea erabaki zuten. Orain berak laguntzen dio, baina bakoitza bere etxetik ari da. Soka baten bitartez materiala trukatzen dute. Baina biek biek oso argi dute: garbitasuna eta desinfekzioa ere oso garrantzitsuak dira, eta horretarako neurri guztiak hartzen dituzte.
Nahiz eta ez erabilera pribaturako izan, proiektuaren atzean dauden pertsonak higiene neurriak mantentzen dituzte: “Eskularruekin eta maskararekin josten ditut, eta gel desinfektatzailea botatzen dut prozesuarekin hasi aurretik”, dio Cillerok. Ondoren, maskarak amaitzean, desinfektatu egiten ditu, irakiten ipinitako uraz eta lixibaz egindako disoluzioan garbituz.
Banaketa eta material falta erronka moduan
Sarean topatzen ari diren zailtasun nagusiak bi dira: alde batetik, materiala banatzea ez da erraza izaten ari, ez baitute horretarako logistika eta lan kontuak direla eta desplazamenduak egin behar dituzten pertsonen laguntzaz baliatzen direlako. Hain zuzen ere, beraien eskarietako bat hori da: “Laguntza logistikoa behar dugu”. Baina ez da arazo bakarra. “Sarean ari den jende gehienak duen arazoetako bat material gabezia da”, dio Cillerok. Hain zuzen ere, hori saihestu ahal izateko bideak bilatzen ari dira.
Dena den, hau ez da bere kasua. Krisialdian langabezian geratu zenean, umeentzat lerdezapiak egiten aritu zen. Lanera itzultzerakoan, eta batik bat umeekin, utzi egin zuen. Baina ordutik soberan zuen tela guztia baliagarria egin zaio egun maskarak egin ahal izateko.
Kotoia erabiltzen du kanpotik, batik bat azalarentzat material ona delako. Baina badauka trikimailu bat. “Lerde zapiak egiten nituenean, barrutik, azpiko maindiretarako erabili diren plastikoen antzekoak ipintzen nituen barrutik, erresistentzia handiagoa izan zezaten eta hain erraz ez bustitzeko. Orain, maskarak egiterakoan ere barrutik hori ipintzen diet, modu horretan, nahiz eta maskara homologatuak bezain seguruak ez izan, geruza bat gehiago izanda, gehiago babestuko dutelako ziurrenik”, kontatu du Beatrizek. Altzako Inauterietako konpartsetako mozorroen jostun bat ere, Marita, egitasmora batu dela esan du Beatrizek, hunkituta.
Halaber, herritar indibidualen iniziatibak ez dira hirian topatu daitezken bakarrak egun hauetan. Adibidez, maskarak ekoizteko Higa dantza-ikuskizunerako jantzien ekoizpena gelditu egin du Gero Axular euskal kultura eta folklore taldeak. Jantzietarako erabiltzen duten material berdinarekin eginda daude maskara horiek eta Groseko anbulatoriora eraman dituzte.
Beatrizek badaki maskara hauek bere mugak dituztela, baina maila pribatuan eta besterik ez dagoen bitartean bere funtzioa bete dezaketela dio. Eta, horrez gain, esperientziaz atera daitekeen beste puntu bat azpimarratzen du: “Jende askok duen borondate ona, eta laguntzeko prest daudela”.