Osasun langileentzako prebentzio materiala sortzen ari dira Tabakalerako Hirikilabsen, 3D inprimatzaile bidez
Tabakalerako Hirikilabs kultura digital eta teknologiako laborategian dauden 3D inprimatzaileen bidez, osasun langileentzat prebentziorako biserak sortzen ari dira. Horrela, haien “hondar alea” jarri nahi dutela adierazi dute, eta azaldu dute biserek osasun profesionalak ez kutsatzeko balio dutela: “Birusaren hedapena geldiarazten laguntzen dute medikuen, erizainen, anbulantzietako langileen eta arrisku guneetan dauden gainerako profesionalen artean”.
Joan den larunbatean, 100 bat bisera banatu zituzten Gasteizko Txagorritxu ospitalean, “hirian birusak izan duen hedapena dela eta”. Aste honetan, berriz, 2.000 biserako sorta bat bidaliko dutela jakinarazi dute.
Hirikilabsen lana Euskadiko maker komunitateak abian jarritako Covid Euskadi herritarren sare baten parte dela azaldu dute. Sare hori partaide bakoitzak dituen baliabideak koordinatuz ari da lanean, 3D makinen bidez osasun-materiala sortu eta banatzeko. “Hirikilabs, ekoizpenean jarduteaz gain, sare horren koordinazio taldearen parte ere bada, eta horrek erraztu egiten du ekoitzitako baliabide horiek egoerarik kritikoena pairatzen duten lekuetara iristea”, gaineratu dute.
Hasieran, COVID-19 birusak kaltetutako pertsonentzat arnasgailuak sortzeko xedea zuen herritarren sareak, baina azaldu dute beste erkidego batzuetan lan horretan aurreratuta dabiltzanez, birusaren hedapena saihesteko materiala sortzeko erabakia hartu dutela. Honela azaldu dute biserak egiteko hartutako erabakiaren arrazoia: “Norbera babesteko ekipamendurik eraginkorrenak zein diren aztertu ondoren, biserak ekoiztea erabaki dugu. Maskarak egitea hasieratik baztertu dugu, izan ere, 3D inprimagailuetan erabiltzen den PVC materiala ez da egokia helburu horretarako, materialaren porositatea dela eta”.