Axular Lizeoko ikasleek irabazi dute ONCE-ren 36. Eskola Lehiaketa

Axular Lizeoa ikastolako Lehen Hezkuntzako 3.en eta 5.en mailako ikasleek irabazi dute ONCE Gizarte Taldearen 36. Eskola Lehiaketa. Orotara, Gipuzkoako hamaika ikastetxetako 1.005 ikaslek eta hemeretzi irakaslek parte hartu dute lehiaketan, eta banderak eta ereserkiak diseinatu dituzte desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren alde.
Irakasle baten zuzendaritzapean gela bakoitzeko ikasle guztiek parte hartu dute txapelketan; horrela, gela bakoitzeko lan bat aurkeztu dute. Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasleek inklusioaren aldeko mugimendua islatzeko bandera bana diseinatu behar izan dute. Gainera, lana deskribatzeko ikus-entzunezko sorkuntza bat bat gehitu dute.
Axular Lizeoko 3.en mailako ikasleek Niregatik eta nire lagun guztiengatik! leloa aukeratu dute euren lanerako, eta honela deskribatu dute: “Guk aniztasunean eta inklusioan sinesten dugu. Pertsonak bakarrak eta errepikaezinak gara. Elkar errespetatzen, babesten eta baloratzen ikasi behar dugu. Harreman osasungarriak eta tratu onak direla eta, nire kolore-puntua jartzen dut banderan, nire eta nire gelakideen konpromiso gisa”.
Lehen Hezkuntzako 5.en mailakoek, aldiz, gaztelaniaz egin dute euren lana, eta honako izenburua jarri diote: La riqueza esta en la diferencia, por un mundo inclusivo. Diseinatu duten banderan kontinente guztiak irudikatu dituzte, eta barruan, aniztasuna adierazteko ikurrak marraztu dituzte.