Donostiako suhiltzaileek zortzi desinfekzio zerbitzu egin nahi dituzte egunean

Donostiako suhiltzaileak atzo hasi ziren hiriko hainbat lekutan desinfektatze lanak egiten. Goiz, arratsalde eta gaueko txandetan arituko dira lau suhiltzailez osatutako lan taldeak. Egunean, zortzi desinfekzio zerbitzu egitea da helburua, baina Donostiako Udalak jakinarazi duenez, kopuru hori leku bakoitzaren tamainaren eta ezaugarrien araberakoa izango da. Desinfekzio lanak erresidentzietan eta gizarte zerbitzuen harrerako instalazioetan egingo dituzte, batik bat.
Autobus geltokia
Era berean, atzo gauean hiriko autobus geltokia desinfektatu zuten suhiltzaileen bi brigadak. Lanak 23:00etan hasi ziren eta udalak azaldu duenez, ia gau osoan luzatu dira, dartsena, komunak eta gainerako eremu guztiak desinfektatzeko. Gainera, lan hori bi egunean behin egiteko asmoa dutela adierazi dute, “egungo egoera luzatzen den bitartean”.