Haurtxoko eta gaztelekuek etxean egiteko jarduerak proposatu dituzte

Donostiako haur eta gazteen konfinamendua arintzeko helburuarekin, etxean egiteko askotariko jarduerak proposatuko dituzte hiriko haurtxoko eta gaztelekuek. Horrela, konfinamendua amaitu arte, Donostia Gazteriaren sare sozialetan (Facebook, Twitter eta Instagram) egongo dira jarduera proposamenak, eta webgunean egongo da jarduera horiek egiteko beharrezko material osagarria. Gaztelekuen kasuan, Donostiako gaztelekuen Instagramean ere egongo dira jarduera horiek.
Haurtxokoek, esaterako, bakoitzaren familiaren zuhaitz genealogiko bat egiteko proposamena zabaldu dute, aipatu sare sozialetan azalpen bideo bat ere argitaratuz. Gainera, txantiloi lagungarri bat ere egin dute.
Gaztelekuei dagokienez, 7 seconds challenge arreta eta azkartasun jolasa proposatu dute. Galdera bakoitza erantzuteko zazpi segundo ematen ditu jolasak, eta, bukatzerakoan, sare sozialetan argazki bat zintzilikatzera gonbidatu dituzte gazteak, Donostia Gazteria aipatuz eta #NiEtxeanGelditzenNaiz traola erabiliz.