Konfinamendua dela eta, Donostia Kultura hainbat ekitaldi atzeratzen ari da

Koronabirusak eragindako alarma egoera luzatu dutenez, Donostia Kulturako ekitaldi gehiago bertan behera utzi edo atzeratu egin dituzte. Hain zuzen, konfinamendua bukatu arte, ez da inolako ekitaldirik egongo Antzoki Zaharrean, kultur etxeetan, Viktoria Eugenia Antzokian, San Telmo Museoan, Urgulleko Historiaren Etxean, liburutegietan eta Antiguako Merkatuan.
Era berean, liburutegietako maileguak maiatzaren 4ra arte luzatu dituzte, baina horrek ez dio eLiburutegiari eragiten. Horretaz gain, Donostia Kulturak kultur eskaintza zabala du sarean.
Ekitaldi batzuk bertan behera utzi badituzte ere, gehienentzako beste data batzuk bilatzen saiatzen ari dira, eta dagoeneko sarrera erosita zutenei eserlekua mantentzeko aukera emango diete. Juan Carlos Fernandez-Nieto piano jotzailearen kontzertua, Tindersticks taldearena eta Derby Motoreta’s Burrito Kachimba taldearena, esaterako urte amaierara atzeratu dituzte. Beste kontzertu batzuk, ordea, bertan behera utzi dituzte, hala nola, Nikos Stavlas piano jotzailearena.
Antzezlan batzuk ere atzeratu dituzte, hala nola, Harri orri har (abenduak 7 eta 8), Pánico (uztailaren 30etik abuztuaren 2ra) eta Rámper (urriak 21 eta 22). Film proiekzio guztiak ere bertan behera utzi edo atzeratu egin dituzte, hala nola, Nosferatu zikloan Rainer Werner Fassbinder zinemagilearen omenez programatutakoak. Donostia Kulturaren agendan kontsultatu daitezke bertan behera utzitako edo atzeratutako emanaldi guztiak.
Sarreren itzultzeak
Joan den astean jakinarazi zuten moduan, bertan behera utzitako ekitaldien sarrerak Internet bidez erosi zituztenek automatikoki jasoko dute diru hori euren kontu korronteetan. Leihatilan erosi zituztenek, aldiz, konfinamendua bukatu arte itxoin beharko dute, leihatilan bertan dirua jasotzeko.
Mojo Workin’ jaialdiaren kasuan, jaialdia bertan behera utzi ondoren Gure Gauza Kultur Elkarteak bizi duen egoera zaila dela eta, sarreren diruaren itzultzeak geldituta daude momentuz, eta nahi duenak jaialdia diruz lagundu dezake. IRUTXULOKO HITZAk Arkaitz Kortabitarte ‘Punko’ elkarrizketatu zuen joan den astean, Mojo Workin’ jaialdiaren egoeraren nondik norakoak emateko.