Alarma egoeraren ondorioz, %81 jaitsi da pertsonen zirkulazioa Parte Zaharrean
Parte Zaharrean 98.137 pertsona sartu ziren martxoaren 9tik 15era. Aldiz, isolamenduaren lehendabiziko astean, martxoaren 16tik 22ra, 18.215 lagun ibili ziren auzotik, aurreko astean baino %81 gutxiago. SmartKalea proiektuaren bitartez instalatutako neurketa sistemek jasotako datuak dira horiek; hain zuzen, Parte Zaharreko Kale Nagusian eta Altza pasealekuan daude kokatuta horiek.
Kalean ibilitako pertsona kopuruaz gain, Parte Zaharreko etxeetako kontsumo elektrikoaren datuen berri ere eman du Donostiako Udalak: %22 areagotu da, eta pertsonako batez beste 19,56 kW kontsumitu da astean. Argi publiko adimendunak, jendearen joan-etorriarekin aktibatzen direnak, % 23 murriztu dira.
2014. urtean abiatu zuen SmartKalea proiektua Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bitartez. “Ingurumen jasangarritasuna, efizientzia energetikoa, herritarren partaidetza eta gardentasuna sustatzeko” helburuarekin, neurri adimentsuak ezarri zituzten hiriko hainbat kaletan.
Enrique Ramosek, Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak proiektuaren onurak azpimarratu zituen: “SmartKalea proiektuaren neurketa sistema aurreratu hauek bertako teknologia enpresek emanak dira, eta informazio oso baliotsua eskaintzen digute erabakiak hartzeko garaian. Teknologia horiek ematen diguten informazio guztiaren zati eder bat herritarren eskura dago SmartKalearen webguneko datu plataforman, eta handik egin daiteke informazioaren jarraipena denbora errealean. COVID-19ak ekarri digun koiuntura ezohiko eta konplexu honetan, IKTak funtsezko tresnak ditugu jarduera ekonomikoaren zati batekin jarraitu ahal izateko, bai eta erabakigarriak diren esparruetarako informazioa eskuratzeko eta kudeatzeko ere”.