Frontoia etxegabeentzako aterpe bilakatu dute
Atano III.a pilotalekua hirian etxerik ez duten pertsonentzako aterpe bilakatu du udalak, kalean koronabirusaren hedapena prebenitzeko. Harrera Sarearen ustez, ordea, gunea ez da horretarako egokia, leku berean hainbeste jende elkartzeak kutsatzeak eragin ditzakeelako.
Osasun larrialdi hau espero ez zuten herritar guztiak bezala, Atano III.a pilotalekua ere egoera berrira egokitu behar izan da, etxerik gabeko pertsonentzako aterpe bilakatuta. Udalak joan den astean iragarri zuen gunearen irekiera, COVID-19 birusaren aurkako prebentzio neurri gisa, kale egoeran dagoen jendearekin harremana duten eragileek udal gobernuaren “utzikeria” hainbatetan salatu ostean –Udaltzaingoa etxerik gabeko jendea isunekin mehatxatzera iritsi zen, kalean egotea debekatuta dagoelako–.
Bada, erantzun azkar baten beharrean, Gizarte Ekintzako departamentuak 80 ohe jarri zituen pilotalekuan, eta horra joan ziren pertsonei higiene baliabideak eta eguneko hiru otordu eskaini dizkie geroztik, langile profesionalen eskutik.
Egunak igarota, ordea, gunean kutsatzeak saihesteko beharrezkoak diren osasun baldintzak betetzen ez zirela ondorioztatu zuen udalak, frontoian jende gehiegi zegoelako eta pertsonen arteko segurtasun distantziak mantentzea ezinezkoa zelako. Horregatik, astelehenean, Atanon zeuden 40 pertsona Ametzagaña parkeko Uba aterpetxera mugitu zituzten, pilotalekuko egoera arintzeko asmoz.
Prebentziorako baldintzak ezbaian
Gaixotasunaren hedapena mugatzearekin batera, harturiko erabakien helburua egoera ahulean dagoen jendeari gutxiengo arreta eskaintzea dela azaldu du Aitziber San Romanek, Gizarte Ekintzako zinegotziak: “Konfinamendu agindua ahalik eta modu egoki, zuzen eta arinenean betetzeko baliabideak eskaintzen saiatzen ari gara”.
Zinegotziaren arabera, uneotan, udala etxerik ez duten 154 pertsonari ari zaio ostatu ematen, lau gunetan banaturik –Abegi etxea, Ondarretako aterpea, Atano III.a eta Uba aterpetxea–, eta guztietan kutsatzeen prebentziorako neurriak bermatzen direla ziurtatu du.
Harrera Sareko kideek, baina, zalantzak dituzte pilotalekuari dagokionez, izurri baten erdian leku berean 40 pertsona elkartzea arriskutsua izan daitekeela uste dutelako: “Orain lehen egunetan baino distantzia gehiago izango dute beraien artean, baina barruan jende pila bat egoten jarraitzen du, eta horrek ez du prebentzio lanetan laguntzen, guztiz kontrakoa baizik”.
Garazi Montuschi Harrera Sareko kidea da, eta pilotalekua aterpe bilakatzeko erabakiak etxerik gabeko pertsonei erantzun azkar bat emateko balio izan zuela onartu duen arren, bestelako baliabideak eskaintzeko unea dela uste du: “Ulertu zitekeen egun batzuetarako gauza izatea, baina dagoeneko astebete igaro da eta iruditzen zaigu hor dauden pertsonei aterpe egokiago bat eskaini beharko litzaiekeela, prebentzio neurriak betetzea ahalbidetuko luketen espazio mugatuagoekin”.
San Romanek, bere partetik, frontoiak beharrezkoak diren osasun baldintzak betetzen dituela adierazi du, kutsaturik dagoen jakiteko erabiltzaile guztien jarraipena egiten ari direla azpimarratuz: ”Jarraipen horren bitartez kasuren bat azalduko balitz, osasun zerbitzuen eskuetara pasako litzateke”.
Harrera Sarekoek, aldiz, ez dute hori horren argi ikusten: “Frontoi barruan, gurekin harremana duten hainbat gaztek beldurra dute, inguruan jende pila dutelako, baita eztulka ari direnak ere. Batzuek, Atanoko egoera ikusi bezain pronto, buelta ematea erabaki zuten, zeuden egoeran jarraitzea nahiago zutelako”.
Montuschiren ustez, udalak Ondarretako aterpearen eta Uba aterpetxearen moduko gune gehiago ireki beharko lituzke, “etxegabeek ere herritar gisa tratatuak izatea merezi dutelako”. Hain zuzen, orain aterpea eskaini bazaie, gizarte osoari eragiten dion arazo baten aurrean gaudelako dela adierazi du Harrera Sareko kideak, orain arte jaramonik egin ez zaiela azpimarratuz: “Orain hor sartzera behartu ditugu, gizarteari hori interesatzen zaiolako, baina birusa desagertzerakoan albo batera utziko dituzte berriro ere”.
Irtenbide bat izateko aukera
Hori gerta ez dadin eta kale egoeran dauden gazteei etorkizunerako irtenbide bat izan dezaten, krisi honek zabaldu duen “aukera” aprobetxatu egin beharko litzatekeela pentsatzen du Harrera Sareko kideak. Hain zuen, identifikatuak izan diren eta aterpea jaso duten pertsonei jarraipen bat eskaini zatzaiela eskatu du: “Egoera hau kalean bizi diren gazteei irtenbide bat emateko baliatu dezakegu, lana lortzera iritsi arte aurrera egin ahal izan dezaten”.