“Egon daitezken liskar txikiak gutxitu egin daitezke etxea antolatuta eta txukun badago”
Marie Kondok garatutako metodoan oinarrituta egiten du lan Sara Etxebeste KonMari aholkulariak. Etxea txukundu eta antolatzeko garai bikaina izan daiteke hau.
Euskal Herrian KonMari agiria duen aholkulari bakarra da Sara Etxebeste (1986, Orereta). Marie Kondo idazle eta enpresari japoniarrak garatutako metodoan oinarritzen du bere lana. Metodoak norberaren etxea txukundu eta antolatzeko zenbait pauso jasotzen ditu. Eta konfinamenduak aukera aparta ematen du horretarako.
Noiz eta zergatik erabaki zenuen metodo honetan aditu egitea?
Niri ordenatzea betidanik gustatu izan zait, eta beti esan dut nire lan ideala izango litzatekeela hori. Ordea, ez nuen uste inork hortaz bizi zezakeenik. 2016. urtearen amaieran, lagun batek Marie Kondoren liburua gomendatu zidan, eta liburua irakurri nuenean, nire etxea metodo horren arabera ordenatu nuen. Oso baliagarria zela iruditu zitzaidan, eta asko konektatu nuen metodo horrekin. Informazio bila ari nintzela, Marie Kondok jendea trebatzen zuela ikusi nuen. Argi izan nuen formakuntza egin nahi nuela eta, posible izanez gero, nire bidea hortik eraman nahi nuela. Hortik, Kokoro Tailerra sortu nuen. Gaur egun, Euskal Herriko KonMari agiria duen aholkulari bakarra naiz.
Zer da zehazki KonMari metodoa?
Etxeak ordenatzeko metodo bat da. Etxea guztiz ordenatzea lortzeko eta aurreko egoerara berriz ez itzultzeko oinarri batzuk ditu. Bere proposamenen artean dago, besteak beste: atalka antolatzea, gelaka egin beharrean; zoriontsu sentiarazten gaituenari kasu egitea, alegia, garrantzitsuena ez dela zenbat daukazun, baizik eta daukazun horrek zein garrantzia duen zuretzat eta nola sentiarazten zaituen; eta prozesua kolpetik egitea, ahal den denbora motzenean, baina estresatu gabe. Ideia ez baita urtero ordenatu behar izatea, atzera ez itzultzea baizik. Zergatik izan daiteke aproposa konfinamendua hori egiteko? Inoiz baino denbora gehiago pasatzen dugulako etxean. Etxean egotera behartuta gaude 24 orduz, gutxienez lau astetan zehar. Hori orain arte inoiz ez zitzaigun gertatu. Horrez gain, normalean ez gara bakarrik bizi. Nire ustez, egon daitezken liskar txikiak nolabait gutxitu egin daitezke etxea antolatuta eta txukun badago, eta zure espazio pertsonala ondo definituta baduzu. Helburua da ahalik eta goxoen eta ondoen egotea etxe barruan.
Zer da zehazki espazio pertsonala?
Inorekin partekatzen ez dugun espazioa da. Virginia Woolfek Gela bat norberarena liburuan aipatzen zuen gela propio bat izateko beharra. Azken batean, zurea den espazio batez ari da, non beste inork ez duen eskua sartzen, eta zu zeu izaten uzten dizuna zure berezitasun, erritmo eta beharrekin. Kontua da denok ez dugula aukera gure gela propioa izateko. Baina niri iruditzen zait espazio pertsonala askoz harago doala eta forma desberdinak eduki ditzakeela. Esaterako, gure armairua edo gau mahaia izan daitezke gure espazio pertsonala. Edo, egun hauetan, telelanarekin, gure ordenagailua eta mahaia. Nire ustez, espazio horiek gure modura eta goxo edukitzeak egoera hau kalitate hobearekin pasatzen lagun gaitzake.
Espazio pertsonal bakarra dugu?
Bat baino gehiago ditugula uste dut. Ordea, askotan ez gara konturatzen gure espazio pertsonalak direla. Horregatik, gomendioetako bat da etxetik buelta bat ematea eta kontzientziarekin begiratzea benetan zeintzuk diren norberaren espazio propioak, nola erabiltzen ditugun eta zein garrantzia duten guretzat. Etxe askotan gertatzen da espazio partekatuek espazio pertsonalak jaten dituztela eta, beraz, desorekatuta daudela. Hortik arazo asko sortzen direla uste dut.
Espazio pertsonalak identifikatzen ditugunean, zeintzuk dira hurrengo pausoak?
Atalka ordenatzea, alegia, arropa, liburuak, paperak edo dokumentazioa, komono —‘bestelakoak’ esan nahi du— eta objektu sentimentalak. Ordena hori mantentzea garrantzitsua da (lehenik arropa, ondoren liburuak…), errazenetik zailenera doalako. Ondoren, kategoria bateko objektu guztiak atera beharko genituzke, nahiz eta toki desberdinetan egon, eta toki bakar batean bildu. Horietako bakoitzak nola sentiarazten gaituen ikusi behar dugu, horren arabera aukeraketa egiteko. Aukeraketa hori egitean, alde praktikoa eta funtzionala ere kontuan izan behar dira, baina nik uste dut askotan gure buruak tranpak jartzen dizkigula, objektu batzuk behar ditugula pentsatzera eramaten gaituelako. Nire ikuspuntutik, gorputzak hobeto daki benetan zer behar den, eta, horregatik, garrantzitsua da honi ere entzutea.
Aukeraketa bakarrik ala taldean egin behar dugu?
Printzipioz, helburua da bakoitzak bere gauzak ordenatzea, baina badaude gauza batzuk, adibidez, komono saileko sukaldeko edo komuneko objektuak, partekatutakoak direnak. Gurea dena, guk bakarrik ordenatuko genuke, eta partekatuak diren gauzetan adostasunak bilatu beharko genituzke etxeko gainontzekoekin. Horretarako aukera desberdinak daude. Esaterako, etxe batean batek erabaki dezake komuneko objektu guztien aukeraketa beste batengan delegatzea, edo bakoitzak bere kabuz aukeraketa egitea eta objektu horiekin guztiekin geratzea. Aukeraketarekin amaitzean, ordenatzen hasiko ginateke. Ordenatzerakoan, kategoria berdineko objektu guztiak armairu berean edo elkarrengandik ahalik eta gertuen egotea gomendatzen du metodoak, eta ez gauza guztiak etxetik sakabanatuta, gauzak bilatzea errazten duelako. Hala ere, salbuespenak daude: liburu guztiak apalategi edo gune berdinean gordetzea komeni bada ere, liburu espezifikoak beste nonbait gorde daitezke, esaterako, sukaldeko liburuak, sukaldetik gertu.
Nola aldatu du filosofia honek lehenagotik ordenaz zenuen ikuspegia?
Ia guztia aldatu duela esango nuke, baina, batik bat, aberastu egin nau. Erabakiak hartzeko dudan moduan eragin du, objektuak aukeratzeko erabiltzen dudan sistemak zenbait momentutan erabaki garrantzitsuak hartzeko balio didalako. Kontsumitzeko dudan modua ere erabat aldatu da. Zerbait erosten dudanean, asko pentsatzen dut zer erosten ari naizen, zertarako, zer ekartzen didan eta zein eragin duen nire inguruan. KoMari metodoarekin etxea garbitzean konturatzen zara behar ez zenituen zenbat gauza dituzun, eta botatze prozesua, niri behintzat, oso gogorra egin zitzaidan. Alde horretatik, kontzientzia handiagoa dut.