"Enpatiaren inguruan ikasteko aukera paregabea daukagu orain"
Konfinatuta egoteak gizartearen osasun mentalean hainbat modutan eragin dezake. Saioa Otegi Apaolaza psikologoak azaldu duenez, denoi eragingo digu era batera edo bestera, baina badaude egoera zaurgarriagoan daude kolektiboak. Era berean, konfinamenduaren eragin psikologikoei aurre egiteko hainbat gomendio eman ditu.
Zer eragin izaten ari da alarma egoera gizartearen osasun mentalean?
Shock egoera batean sartu ginen hasieran, baina hortik ateratzen hasiak gara, eta esan dezakegu arrazoiketa fase batean sartzen ari garela.
Zer da konfinamendua?
Zure limiteak moztuta egotea. Konfinamenduaren inguruan egon izan diren esperientziek, presondegi egoerek, esaterako, erakusten digute guztia pasa ondoren iraun dezakeen egoera psikologiko eta emozional bat dela konfinamendua.
Zein eragin psikologiko izan ditzake egoera honek hemendik aurrera?
Alde batetik, egoera desafiatzaile bat da, eta, horren aurrean, gehienok ez daukagu esperientziarik. Egoera desafiatzailean mugikortasun mugek, ohitura aldaketek eta ziurgabetasunak eragiten dute gehien. Estres post-traumatikoa eta depresioa sortu ditzake egoera horrek.
Bestetik, desegokitzeko estrategiak eman daitezke, esaterako, sustantzien, sedentarismoaren eta teknologiaren gehiegikeriak.
Hirugarren puntuan bakoitzaren egoera emozionala izango genuke. Eragin psikologikoa izan dezaketen emozioak, orokorrean, amorrua, beldurra, suminkortasuna, tristura eta, kasu batzuetan, kulpa izaten dira. Horren aurrean, hauek dira egoera zaurgarrienean dauden pertsonak: arazo psikiatriko edo psikologikoak dituztenak, langile sanitarioak, bakarrik daudenak, gizarte bazterketa egoeran daudenak, gaixotasun koronarioak dituztenak eta biolentzia egoera batean daudenak.
Laugarrenik, aipatu behar da egoera emozionalak okerrera egin dezakeela. Konfinamendu egoeretan antzeman izan da hamar egun pasa ondoren suminkortasuna nabarmenagoa izan daitekeela, beraz, errazagoa da aztoratua egotea eta frustrazioa sentitzea. Horren aurrean, garrantzitsua da errutina bat ezartzea, malgua bada ere.
Azken puntua galera ekonomikoak izango lirateke: lan egin ezina eta hainbat estigma sozial sortzea. Agian ez da gaixotasun honen inguruko estigma bat sortuko, hiesaren inguruan sortu zen moduan, baina badago epaiketara lotzen den estigma bat. Hau da, batzuek sentitu dezakete besteen aurrean euren ekintzak justifikatu behar dituztela.
Nola leundu daitezke eragin horiek?
Lehenengo gauza jarrera da. Jarrera hiper behatzailea izatea ekiditeko aholkatuko nuke. Izan ere, biologikoki ondo egon daiteke jarrera hori, baina alor neurologikora eraman dezakegu, eta hor disfuntzionala izan daiteke. Hori hobetzeko, beharrezkoak diren elementuak sortu behar dira, edo laguntza bidez eskatu.
Bestalde, hainbat puntu nabarmenduko nizkizuke galderari erantzuteko: alde batetik, kontziente izan behar dugu aurreko galderan aipatutako sentsazio horiek sentituko ditugula, lehenago edo beranduago. Gure burua prestatu behar dugu horretarako, estresa kudeatzeko atsegin ditugun teknikak bilatuz.
Bestetik, jakin behar dugu imajinazioak kalte gehiago eragin dezakeela pentsamendu katastrofikoetan sartzen bagara.
Azkenik, besteekin konektatuta egotearen beharra dago. Hori modu naturalean ematen ari da, baina horretarako zailtasunak dituztenentzat ere komenigarria da komunikatzea, isolamenduaren inpaktu emozionalak txikiagoak izateko.
Zure paziente batzuk egoera zaurgarrian egongo dira, ezta? Horren aurrean, nola hari zara lan egiten?
Aurrez aurreko hitzordu guztiak bertan behera uzten dituzun momentuan, badakizu ezin dituzula artatu hainbat behar dituzten pertsona batzuk. Euren psikologo eta zaintzaile edo laguntzaile emozional moduan, nire ardura neukan. Pertsona moduan nire burua ondo zaintzen ari naizenez, eta psikologo moduan besteak zaintzeko gaitasuna dudanez, planteatu nuen telepsikologia bidez terapia eskaintzea. Nire pazienteei hori transmititu nien, baina behar zuten guztiei ere ateak ireki nizkien.
Zorionez, nik pentsatutakoa beste hainbatek ere pentsatu zuten, eta Ez Zaude Bakarrik mugimendua sortu zen. Pertsonen egoera psikologikoa eustea du helburu proiektu horrek. Telefono bat ahalbidetuko dugu horretarako, eta webgune bat ere prestatzen ari dira: noestassolonisola.eus. Horren barruan, doluaren batzordean nago ni (670- 02 01 02 telefonoa ahalbidetu dugu batzordean), egoera honetan, dolua konplexua baita.
Horren harira, hausnarketa bat ere egin nahiko nuke: enpatiaren inguruan ikasteko aukera paregabea daukagu orain, elkarren arteko laguntza horretan enpatiatik eragiteko.
Zeintzuk dira doluan sortu daitezkeen arazoak?
Gaur egun, gertatzen ari da pertsona bat UZIan arriskuan egotea eta bere familiakoek ikusi ezin izatea. Bat-batean, pertsona hori hil egiten da, eta familiakoek ezin izan diote azken besarkada bat eman. Hurrengo pausoa gorpua lurperatzea edo erretzea da, baina birusa duenez, ezin duzu ikusi hainbat neurri hartzen ez badituzu (maskara, bata, eskularruak, eta abar). Pertsona hori agurtu ezin izateak doluaren prozesua asko zailtzen du.
Esango nuke egoera horrek bozgorailu efektu bat eragiten duela: ezinegona edo ziurgabetasuna daukaten pertsonei urduritasuna handitzen die. Gure buruari onartu behar diogu desorientatuak edo tristeak egon gaitezkeela, baina argi izan behar dugu aurrera jarraituko dugula, eta horrekin indartu egingo garela.
Umeekin daudenek ere egoera konplexuak biziko dituzte, ezta?
Egin behar den lehenengo gauza mezua lantzea da: lasaitasuna eta segurtasuna eskaini behar diegu. Bigarrena, ekintza bidez erakustea zer den elkartasuna eta zer den ardura. Hirugarrena, umeentzako eta helduentzako balio duena, gehiegizko informazioa saihestea. Nik, adibidez, erabaki dut goizean eta gauean informatzea, eta kito. Azkenik, laugarrena: umeek izan ditzaketen jokaera apurtzaileak eta sentimenduak enpatiatik ulertzea eta birbideratzea.
Beti esaten dugu ez daukagula umeekin egoteko denbora nahikoa, eta orain inoiz baino gehiago landu dezakegu elkarrekin egotearen garrantzia. Umeekin asko funtzionatzen du etxeko gauzak egiteko laguntza eskatzeak, txikitako anekdotak kontatzeak eta elkarrengandik maite ditugun eta maite ez ditugun gauzen inguruan mintzatzeak. Bestalde, haurrekin ere ordutegiak modu malguan errespetatu behar ditugu, eta elikadura zaindu behar dugu, elikadura baita gure lehenengo sendagaia.
Histeria kolektiboa dagoela edo egon daitekeela uste duzu?
Histeria kolektiboa beti egon da ziurgabetasuna sortzen duten egoeren aurrean: gerretan, gaixotasunen aurrean, ezjakintasunaren aurrean, eta abar. Egoera askotan ematen da histeria kolektiboa, eta, nola ez, baita honetan ere.
Zer gomendatuko zenuke elkarbizitza arazoei aurre egiteko?
Komunikazioaren eta enpatiaren garrantzia, batez ere. Enpatia, jakina, bestearen sentimenduak ulertuz, hortik beste sentsazio edo emozio bat ateratzeko.
Laburbilduz, zer aholkatuko zenuke egoera honi aurre egiteko?
Alde batetik, nahiz eta egoerara ohitu gaitezkeen, ezin dugu egoera bera ezereztu eta ezin dugu guardia jaitsi. Bestetik, egunean egunekoa bizitzea ere oso garrantzitsua da. Horretarako, umeak eta animaliak oso irakasle onak dira, beraz, aprobetxatu dezagun beraiengandik ikasteko eta, orokorrean egoera honetatik gauza positiboak ateratzeko.