Gipuzkoako baserritarren produktu ekologikoen banaketa zerbitzua hasiko dute Donostian
Elikagai ekologikoak ekoizten dituzten Gipuzkoako baserritar talde batek egitasmo berri bat jarri du martxan, koronabirusaren neurrien eraginak direla eta: Donostiako etxeetara haien sasoiko produktu ekologikoen sortak eramateko zerbitzua abiatu dute.
Hain zuzen, sasoiko barazkiak, ardi eta behi esnea eta esnekiak, arrautzak, zereal desberdinetatik datozen ogiak, eta beste hainbat produktu erosteko aukera izango dute kontsumitzaileek. “Beti ere Gipuzkoan nekazaritza eredu ekologikoan ekoiztutakoak”, azaldu dute baserritarrek.
Banaketak asteartetan eta ostiraletan egingo dituzte, eta jasoketak etxeetako atarietan izango dira. Eskaerak gutxienez bi egun lehenago egin beharko dira, eta “proiektuaren eta banaketaren errentagarritasuna bermatu ahal izateko” gutxieneko eskaera 40 eurokoa izango da. Ordainketa kreditu txartelaren bidez egin beharko dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Egitasmoan parte hartzeko, Sareko.net webgunean erregistratu behar da, eta horretarako beharrezkoa den pasahitza eskuratzeko WhatsApp mezu bat bidali behar da 663 23 45 09 telefonora, edo sareko@eneek.eus helbide elektronikora. Mezu horretan, honako datu hauek idatzi beharko dira: izena, bidalketa helbidea, NAN zenbakia, telefonoa eta helbide elektronikoa.
Egitasmoaren sortzaileek azaldu dutenez, proiektuak Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren babesa du, eta lanean ari dira zerbitzu bera beste toki batzuetan ere eskaintzeko.