"Gizarteko mutur guztiak agerian uzten ditu horrelako egoera batek"
Herritar gehienentzat, euren bizitzako lehenengo konfinamendua da gaur egun bizitzen ari garena, eta askotariko fenomeno sozialak sortzen ari da. Aitzpea Leizaola antropologoarekin hitz egin dugu horren inguruan, eta gizarte harremanetan gertatzen ari diren eta etorkizunean izango diren aldaketen inguruko nondik norakoak azaldu dizkigu.
Nola ikusten duzu gizartea egoera honen aurrean?
Lehenik eta behin, aipatu behar da orain arte inoiz bizi ez dugun esperientzia baten aurrean gaudela. Historian zehar beste pandemia batzuk izan dira, baina ez dira horrenbeste zabaldu munduan. Beti aipatzen da 1918ko gripearen kasua, non kalkulatzen den 100.000 hildako izan zirela. Orduko baldintzak, ordea, beste batzuk ziren: Lehen Mundu Gerraren garaian izan zen, eta munduko konexioak eta elkar dependentzia ez ziren gaur egungoen modukoak.
Beraz, oso garai zaila da denontzat. Bereziki, gaixorik daudenentzat eta inguruan gaixoren bat dutenentzat, baina baita gainontzekoentzat ere. Aldi berean, oso garai interesgarria da gizarte antolaketari dagokionez, ez dakigulako nola bukatuko den hau guztia.
Alarma egoerak irauten duen bitartean, zein eboluzio izan dezake gizarteak?
Gizarteko mutur guztiak agerian uzten ditu horrelako egoera batek. Nire ustez, alde negatiboena da jendeak barneratzea norbanakoek elkarren arteko zelatari, salatari eta polizia lanak egin behar dituztela. Era berean, normaltasunera itzultzen garenean, ikusi beharko dugu erakundeek hartu dituzten ezohiko neurri horiek nola egiten duten atzera.
Alde positiboan, azpimarratuko nituzke hasiera-hasieratik sortu diren saretze egitasmoak, egoera zaurgarrienean dagoen jendea laguntzeko.
Etorkizunera begira, nola eragin dezakete egoera honek eta aipatu dituzun bi mutur horiek gizartean?
Uste dut hau mugarri garrantzitsu bat izango dela. Garrantzitsua izango litzateke kontuan izatea zein gauza aldatu behar diren gure artean, antzeko egoerak errepikatu ez daitezen.
Alde batetik, gizartea guztiz gelditzen baldin bada, zenbat denbora iraun dezakegu? Denok dauzkagu buruan osasun esparruko langileak, baina horiek ezin dute lan egin garbitzailerik ez badago. Era berean, guk ezingo genuke etxean egon janaria ekoizten dutenek lanean jarraituko ez balute, ezta banatzaileak egongo ez balira ere. Zaharren egoitzetako langileek, esaterako, euren greba atzeratu zuten krisi hau hasi zenean. Oso baldintza txarretan egin dute lan, eta hala ere, lanera itzuli dira. Beraz, egoera honek erakusten du zer langile diren ezinbestekoak gizarteak funtzionatu dezan.
Osasungintzako langileak eskertzeko asmoz, balkoira txalotzera ateratzen da jendea, eta hori garrantzitsua da, baina beste pertsona batzuen lana ere oso garrantzitsua da, eta ez da hainbeste azpimarratzen.
Zeri erantzuten diote sortu diren giza ekimenek?
Gizakia, definizioz, soziala da, pentsaezina da bananduta bizi den gizakia. Beti esaten dugu gero eta gizarte indibidualistagoetan bizi garela eta harremanak aldatu egin direla. Hori egia da, baina uste dut honen ondoren ikaragarri estimatuko dugula kontaktu fisikoa eta beste pertsona ezagun zein ezezagunekin elkartzea.
Hori pentsatu nahi dut, behintzat. Agian kontrakoa da, eta bakoitza are eta gehiago sartzen da bere burbuilan, baina ikusita sare sozialak zein funtzio betetzen ari diren, nola dabiltzan borborka eta nolako beharra daukagun denbora guztian beste aldean norbait dagoela sentitzeko, gauzak aldatuko direla uste dut.
Donostian, San Sebastian martxa abesten dute gauero auzo batzuetan. Talde baten parte izateko beharrari erantzuten dio horrek?
Berrien zirkulazioaren inpaktua agerian uzten du. Italiatik iritsi zen bideo bati ispilu erantzun bat izan dira horrelako ekimenak. Eguna nola edo hala bete beharrean gaude orain: etxetik lanean ari direnek oso modu desberdinean antolatu behar dute eguna, eta bat-batean euren lana galdu dutenek beste modu batera bete behar dute. Azken batean, asperdurari beldur ikaragarria dion gizarte bateko partaide gara. Horrek imajinazioa zorrozten du, baita talde bateko kide izateko beharra ere: San Sebastian martxa abesten dugu, txalotzera ateratzen gara, gure blokean festa bat antolatzen dugu, edo nik zer dakit.
Bestalde, etxe barruan egoteko ohitura ez daukagu oso errotuta, sozialki ez gara Europako iparraldekoak bezala. Akaso herrialde horietan egoera hau ez da hain zaila izango, baina hemen kalea asko estimatzen dugu.
Zeri erantzuten dio herritar batzuk gainontzekoekiko hartzen ari diren zelatari edo polizia izaera horrek?
Egoera larria da, eta jendeak pandemiaren inguruko kezka barneratuta dauka. Badago, baita ere, kezka hori inondik inora barneratuta izan gabe, komunitate osoaren egoera arriskuan jartzen duen jendea. Norberaren arduraren kontua da hori, baina non daude mugak? Denok izan behar dugu arduratsu, baina norbaitek ez badu arduraz jokatzen niri dagokit pertsona horri kargu hartzea? Arduratsua ez denak ere, agian horretan pentsatu beharko luke. Gauza bera gertatzen da erosketa egitean bost kilo arroz erosten dituenarekin. Uste dut zentzuz jokatu behar dugula.
Esperientzia honek gizartea aldatuko duela uste duzu?
Ez dut uste denak berdin jarraituko duenik. Lehenik eta behin, ekonomiaren ikuspuntutik, egoera buelta ematea ez da batere erraza izango. Gizarte harremanei dagokienez, uste dut aldaketak ekarriko dituela, baina kristalezko bolarik ez daukagu. Beraz, hau pasa arte itxaron beharko dugu, gizartean gertatzen ari diren aldaketak nola errotzen diren ikusteko.
Aipatu behar da, baita ere, etxean itxita egoteak pentsarazi behar digula etxea nortzuk osatzen dugun. Hau da, zenbat jende dagoen bakar-bakarrik eta zenbat jende dagoen etxe txiki batean bi edo hiru familia pilatuta. Etorkinen kasua da hori, adibidez. Donostian gertatzen da, batez ere, alokairuak oso garestiak direlako eta espazioa urria delako. Kaleko bizitza egiteko aukera dagoen heinean, ordu gutxi batzuk pasatzen ditugu denok elkarrekin eta jasangarria da, baina horrelako zerbait gertatzen denean, egoera oso zaila bihurtzen da. Eta, zeresanik ez, genero indarkeriaren testuinguruan, non lehenengo ondorioak azaldu diren dagoeneko.