«Komunitatea zaintzea ere herrigintza da»
Gure Esku plataformak ‘Hamaika Gara’ egitasmoa aurkeztu berri du.
Koronabirusa dela eta, aurreikusitako dinamika eta jarduerak atzeratu behar izan dituzte, baina erreferendum bat egitearen aldeko sinadura bilketa digitala martxan da. Plataformako kideak dira Amalur Alvarez (Egia, 1988) eta Dani Goñi (Amara, 1957).
Zertan datza ‘Hamaika Gara’ egitasmoa?
Amalur Alvarez (A.A.): Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masibo bat da gauzatuko duguna. Hasieran, 2020ko udaberrirako aurreikusia genuen, baina ziurrenik udazkenera arte luzatu beharko ditugu epeak, COVID-19-aren ondorioak tarteko. Krisi egoera honetan agerian geratzen ari da egungo sistemak ez dituela bizitzak erdigunean jartzen; gainera, alarma egoera hau baliatu du Espainiako Gobernuak autogobernua bertan behera uzteko, osasunaren izenean 155. artikulua ezarriz. Era berean, agerian geratu da badirela herritar arduratsuak, gai direnak antolatu eta erabaki propioak hartuz egoera bideratzeko. Eta horri heldu nahi diogu guk.
Lasai hartu dugu. Orain elkar zaintzeko garaia da. Hartu dezagun ardura hori, behingoz, denon artean. Zaindu dezagun nork bere burua, eta ahal dugun heinean, komunitatea. Komunitatea zaintzea ere herrigintza da, eta Gure Eskuko kideok horretan gabiltza, buru-belarri. Ezerk ez du horrek baino lehentasun handiagorik.
Gu geu krisi hau kudeatzeko eta gainditzeko gai izatea, burujabe izatea da. Ziur gaude krisi honi elkarrekin, komunitate gisa, herri moduan egingo diogula aurre. Zentzu horretan, txikitik handira eragiteko gaitasunean sinesten dugu. Eta sinadura bilketa hau ere horrela egingo dugu. Horregatik, digitalki sinatzeko aukera sustatuko dugu datozen aste eta hilabeteetan.
Alor anitzetako eragileekin elkarlanean landu du Gure Eskuk egitasmoa azken hilabeteotan eta nahiko genuke ibilbide luze baten abiapuntua izatea erronka kolektibo zehatz hau. Sinesten dugu urrats eraginkorrak egiteko elkarlana ezinbestekoa dela, eta beraz, harreman sareak sendotzen jarraituko dugu, unean uneko erronkei elkarrekin aurre eginez eta epe luzeko perspektiba galdu gabe.
Ildo beretik, nabarmendu nahiko genuke eragile, erakunde eta herritarron ardura dela, guztiona, alegia, demokrazian sakondu, eta gure etorkizuna erabakitzeko bidean aurrera egitea. Horregatik, sinadura bilketak oinarri izango duen manifestuan, herritarrok burujabetzarako bidean gure borondatea eta konpromisoa adieraziko dugu. Eta, era berean, tokian toki hala erabakita, eskaera zehatzak egingo dizkiegu Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari. Eskakizun formal, zehatz eta irmo bat egingo diegu, Eskaera Eskubidearen bidez, eta erantzun egin beharko digute. Hori bai, erantzuna bat ala beste izan, herritarrok gure bidean aurrera egingo dugu. Arduraz jokatuko dugu.
Donostiako aurkezpenak bertan behera gelditu dira koronabirusagatik. Aurrerago egitea aurreikusten duzue?
Dani Goñi (D.G.): Donostian joan den asterako aurreikusten genituen aurkezpenak bertan behera geratu dira. Gurea herri dinamika bat da, eta gure egitekoa jendearekin egotea da, elkarrekin antolatzea. Begi bistakoa denez, egoera honek ezinezko egiten du, oraingoz, aurreikusitako ia ezer aurrera eramatea . Sinadura bilketa digitala martxan dago, hori bai. Edonola ere, azpimarratu nahi dut hilabete asko daramatzagula Hamaika Gara egitasmoa antolatzen, eta prozesu gisa ulertzen dugula; beraz, honek izan dezake eten bat, salbuespenezko egoera hau, kasu, baina atzera bueltarik ez du.
Aurretik ere bagenekien, baina orain ere agerian geratu da gutako bakoitzak besteen beharra duela, inor ez dela beregain, eta autosufizientzian oinarritutako gizarte ereduek ez dietela herritar guztion beharrei erantzuten. Krisiaren latzena gainditzen dugunean, ezinbestekoa izango da hausnarketa sakon bat egitea gizarte eredu honi buruz, baita herritarrok beharrezko ikusten ditugun aldaketak sustatzea ere. Gure Eskuko kideok hor ere egongo gara.
Esan bezala, eragile ugarik eman dute atxikimendua. Babes zabala espero duzue?
(A.A.): Orain arte Gure Eskuk bere ekimen propioak landu ditu, eragile askoren babesa jaso dutena: giza-kateak, herri galdeketak, mobilizazio handi eta anitzak, eta abar. Fase berri honetan, jauzi kualitatibo bat eman nahi izan dugu, ez soilik edukien aldetik, baita ekimen ereduan ere. Eta, horretarako, herri ekimena hasieratik landu dugu alor anitzetako eragileen eskutik. Hilabeteotan hamaika eragilerekin bildu gara egitasmoa lantzeko eta ekarpenak jasotzeko. Eta beste 23 eragilerekin batera sustatuko dugu, oraingoz.
24 eragileon artean Elkargunea deitu diogun elkarlanerako espazioa sortu dugu. Sinistuta gaude elkarlana urrats eraginkorrak emateko oinarria dela, eta horri heldu nahi izan diogu fase berri honetan: eragileon arteko harremanak sakondu, sareak indartu, eta epe luzeko begirada batekin erronkei elkarrekin erantzun ahal izateko espazio berri bat sortu nahi dugu. Zerbait argi baldin badago, da urtetik urtera gehiago garela geure buruaren jabe izan nahi dugun eragileak eta herritarrak.
Sinadura bilketa digitala da oinarria, baina beste hainbat jarduera ere egingo dituzue. Zeintzuk?
(A.A.): Inoiz baino ardura handiagoa sentitzen dugu herritarron konpromisoa eta ilusioa pizteko, eta ekimena ere zentzu horretan landu nahi izan dugu. Guk argi dugu urrats eraginkorrak egin ahal izateko, aurrez esan bezala, eragileek, erakundeek zein herritarrok dugula ardura, eta bakoitzak bere papera bete behar duela. Horregatik, sinadura bilketa honen bidez herritarron atxikimenduak eta konpromisoak pilatzeaz gain, eskaera instituzional bat egingo diegu, tokian toki hala erabakita, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari. Betiere, aintzat hartuta erantzun instituzionala bata zein bestea izanda ere, herritarrok gure bidean aurrera egingo dugula, erantzukizunez jokatuz.
Horrez gain, joan den asteko aurkezpenean iragarri genuen dinamika hau ez zela sinadura bilketa soil bat izango, ekintzez eta mobilizazioz josiko genuela. Baina, ziurrenik atzeratu egin beharko ditugu oraingoz zehaztuta genituen hitzorduak eta ezohiko egoera honetara egokitzeko aukera ezberdinak aztertzen ari gara; betiere herritarron bizitzak eta osasuna lehenetsiz eta momentu honetan egokitzen diren erronkei lekua eginez.