"Krisiaren konponbidea Europatik iristea izango litzateke logikoena"
Alarma egoera dela eta, enpresa askok enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierrak egin dituzte, langile ugari kaleratuak izan dira, eta oraindik zaila da egoera honek etorkizunean zein ondorio ekonomiko izango dituen jakitea. Koronabirusak izan dezakeen eragin ekonomikoa ulertzeko, Mikel Navarro ekonomistak hainbat gako eman ditu.
Zein ondorio eragiten ari da alerta egoerak ekonomian?
Ez dakigu zenbaterainoko eragina izango duen honek, ezta irteera nolakoa izango den ere. Batzuek esaten dute irteera ‘V’ modukoa izan daitekeela, hau da, ekonomia asko eroriko dela, gertatu den moduan, baina ziztu bizian aterako garela hortik. Beste batzuek diote ‘U’ modukoa izan daitekeela, alegia, asko eroriko dela, denbora luzez hor estankatuta geldituko dela, eta gero errekuperatuko dela. Badaude, baita ere, ‘L’ modukoa izango dela diotenak, hau da, asko eroriko dela eta hor geldi geratuko dela secula seculorum.
Ekonomistek ez dakite zer gertatuko den, baina jakin badakite isolamenduan zenbat eta zorrotzagoak izan eta zenbat eta baliabide gehiago sartu, orduan eta hobeto izango dela.
Aurreko krisiarekin konparatuta, zer desberdintasun ditu krisi honek?
Pentsa dezagun 2008ko krisian. Orduan, eraikuntza eta banka erori egin ziren, eta erorketa horretan galdu ziren lanpostuak ia betiko galdu ziren. Oraingoan, ordea, krisia ez da barne faktore batengatik etorri, kanpo faktore batengatik baizik: birus batek osasun krisi bat eragin du, eta krisi horrek ekonomia jo du. Bestalde, krisi hori ez zen globala izan: AEBetan sortu zen eta Europara zabaldu zen. Oraingoa, ordea, Txinan sortu da eta globala bihurtu da.
Galdu diren lanpostuak ez dira galdu konpetitiboak ez direlako, osasun krisi bati lehentasuna eman behar diogulako baizik. Krisi hori pasata, lanpostu horiek errekuperatu daitezke, eta horretan saiatu behar gara. Enpresa batek orain larrialdi bat baldin badauka, hori konpontzen saiatu behar dugu, enpresak biziraun dezan. Horrela, ekonomia suspertzen denean, enpresa hori martxan jarri ahal izango da berriz.
Horretarako, kreditua behar da. Izan ere, enpresak, geldi dagoen bitartean, ez dauka diru sarrerarik, baina baditu gastuak. Hainbat kasutan, enpresa txikietan, bereziki, ez daukate gastuak ordaintzeko dirurik: likidezia arazo bat dago. Horri irtenbide bat emateko, sektore publikoak likidezia hori erraztu behar du. Izan daiteke banku publikoak dirua ematearen bidez edo sektore publikoak sektore pribatuari abalak ematearen bidez. Beste modu bat da zergen bitartez babesa ematea, zergen ordainketak atzeratuz edo barkatuz, esaterako.
Asko hitz egiten da azkenaldian enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierren inguruan. Zer dira dosier horiek?
Enpresa batek langileak behar ez dituenean, enplegu erregulazioko espediente bat egiten du. Espediente horiek langileak betiko kaleratzeko izan daitezke edo behin behinean kaleratzeko. Horretarako, estatuak bere kontu hartu beharko luke langileen soldata osatzeko ardura, langileak ere bizi behar duelako. Kostua denon artean banatzeko formulak bilatu behar dira. Adibidez, langileak suposatzen duen kostuaren %25 enpresak ordaintzea, eta %75 estatuak. Langileak ere, bere aldetik, erabaki dezake bere oporren parte bat enpresari ematea, esaterako.
Hala ere, krisi honek eskatuko luke Europa mailako erantzun bat. Are gehiago, Espainiako Estatuak, besteak beste, defizit publiko nahiko handia duenean. Krisiak Europako herrialde guztiak jotzen dituenez, logikoena konponbidea Europatik iristea izango litzateke. Hau da, likidezia arazo hori konpontzeko behar den diru guztia Europatik sartu beharko litzateke. Tamalez, Europako integrazio prozesua ez dago behar beste aurreratuta, eta ez dirudi herrien arteko elkartasuna horraino helduko denik.
Funtsezkoak ez diren enpresa guztietako produkzioa geldituko balute, zer ondorio egongo lirateke?
Nire ustez, ondorio latzak izango lituzke horrek. Oreka bat bilatu behar da. Alde batetik, enpresa batzuetan telelana sustatu daiteke. Bestetik, presentzialak diren lanpostuetan neurri batzuk har daitezke, arriskuak hain handiak ez izateko. Alderatu behar duzu arriskua eta galera ekonomikoa. Horren harira, desadostasunak sortu dira EAEn: sindikatuek pentsatzen dute funtsezkoa dena baino ez dela mantendu behar, eta Eusko Jaurlaritzak pentsatzen du protokolo batzuk osatu behar direla, langileek osasun baldintza jakin batzuek betetzeko.
Zein egoeratan daude bankuak?
Aurreko krisian, enpresak oso zorpetuta zeuden, eta bankuen kapitalizazioa eta gainbegiratzea oso txarra ziren. Oraingoan, berriz, kontrakoa gertatzen da. Enpresek azken hamar urteak aprobetxatu dituzte euren zorra gutxitzeko, eta neurriak hartu dira bankuen kapitalizazioa hobetzeko eta gainbegiratzea zorrozteko. Alde horretatik, bankuak hobeto daude, ez daukate porrot egiteko arriskurik. Hori horrela izanda, beste gauza bat da bankuen errentagarritasuna. Ikuspegi horretatik, garai txarrak bizitzen ari dira bankuak, bitartekotasun marjina –kobratzen dituzten interesen eta ordaintzen dituzte interesen arteko marjina– asko gutxitu baita.
Testuinguru horretan etorri da krisia, eta enpresei likidezia eman behar diegu. Horretarako, kreditua helarazi behar diegu, eta estatua izango da diru hori jarriko duena. Gerta daiteke aurretik gaizki zeuden enpresa batzuk krisiarekin are egoera okerragoan egotea. Enpresa horiek lagundu behar dituzu? Pentsatu behar duzu bati ematen diozunean beste bati kentzen diozula. Beraz, enpresei dirua emateko garaian, diskriminatu egin behar duzu. Diskriminazio hori egiteko gai direnak bankuak dira, eta horregatik esaten da estatua banku pribatuetan oinarritu beharko litzatekeela. Oinarritu bai, baina estatuak ez die bankuei abalen ehuneko ehuna eman behar. Bankuak zerbait arriskatu beharra dauka, bestela ez duelako ondo diskriminatuko. Estatuak formulak sortu behar ditu, enpresen artean diskriminatzeko eta bankuek estatuari berari ziria ez sartu ez diezaioten.
Estatuak likidazioa emateko sortu dituen formulez aparte, Eusko Jaurlaritzak bereak sortu ditu, Elkarginen oinarrituz [enpresei abalak ematen dizkien enpresa.
Zein gizarte klaseri eragingo dio gehien egoera honek?
Horrelako pandemiek ahulenak jotzen dituzte gehien, enpresa txikiak eta aldi baterako kontratua duten langileak, esaterako. Horren aurrean, estatua orain ari da formulak sortzen ahulenekiko kolpea hain gogorra izan ez dadin. Euskal Herrian, berme minimoko errentak eta horrelako baliabideak ditugu, ahulenei estaldura ekonomikoa emateko. Baliabide horiek, jakina, orain erabili beharko lirateke. Zerbitzu domestikoan lan egiten dutenak, adibidez, ezer gabe gelditu dira orain. Horregatik, atzean gelditzen direnengan pentsatu behar dugu, inor atzean gera ez dadin.
Egoera hau bukatzen denean, atzeraldi ekonomiko bat egon daiteke?
Nik baikorra izan nahi dut. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, adibidez, oso azkar heldu zen susperraldi ekonomikoa. Horrelako zerbait gertatuko dela pentsatu nahi dut; ez uda baino lehen, ezta udan ere, baina datorren urtean normaltasunera itzultzen hasiko garela pentsatu nahi dut. Gainera, gauza asko ikasita itzuliko gara.