Raitx donostiarrak bere lehenengo diskoaren aurrerapen abestia argitaratu du
Rakel Arenaza donostiarrak laster argitaratuko du Raitx bere proiektu pertsonalaren lehenengo diskoa formatu fisiko zein digitalean: Abereek erantzungo balute (autoeditatua). Lan horren lehenengo abestia estreinatu du donostiarrak Mondo Sonoro atarian, bideoklip eta guzti: Ez zegoen beste aukerarik. Arenazak berak idatzitako poemak musikatu ditu, pop elektroniko kutsua duen diskoa osatzeko.
Koban talde donostiarrean aritutakoa da Arenaza, eta 2019an, aipatu taldeko beste bi kiderekin, Esti Berazarekin (sintetizadoreak) eta Xalba Ramirezekin (gitarrak), zuzenekoak egiten hasi zen. Horrela, Kutxa Kultur Musika programarako hautatua izan zen, eta Abereek erantzungo balute sei abestiko diskoa grabatzeko aukera izan zuen. Gaztain Estudioetan grabatu zuen iaz, Eñaut Gaztañagaren zuzendaritzapean eta Doctor Masterren masterizazioarekin. Ez zegoen beste aukerarik abestiaren bideoklipa Lacorte Filmsek egin du, Jesus Lacorteren eskutik.