"Erakundeek bizikletaren erabilera sustatu beharko lukete konfinamendu egoera honetan"
Kalapie Txirrindularien Elkarteak 30 urte baino gehiago daramatza bizikleta erabiltzaileen eskubideak defendatzen. Gorka Hoyos presidenteak, alerta egoeran txirrindulariak bizitzen ari diren egoeraz, eta krisiari aurre egiteko prestatu duten egitasmo bati buruz hitz egin du.

Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartea irabazi asmorik gabeko txirrindulari elkarte bat da. 1989an jaio zen, eta haren helburuak da bizikleta hiriko garraiobide moduan sustatzea, eta haren erabiltzaileen eskubideak defendatzea.
Koronabirusak eragindako alerta dela eta, elkarteak egitasmo bat aurrera atera du, #bolondresbizikleta izenburupean. Jendeari eskatu diote osasun langileei bizikleta elektrikoak uzteko, haien lantokietara seguruago iritsi daitezen. Gorka Hoyos da elkarteko presidentea, eta kezkatuta dago txirrindulariek konfinamendu egoera honetan jasaten ari diren “kriminalizazioagatik”.
Nola bizi duzue txirrindulariek ezohiko egoera hau?
Gorka Hoyos (G.H.): Azken aste hauetan kriminalizazioa pairatu dugu bizikletan ibiltzen garenok. Alde batetik, onartuta dago lanera bizikletaz joatea, baina bestetik, ezin da kirolik egin. Esaten digute ez dela gomendagarria, errazago erori gaitezkelako eta horrela ospitaleak kolapsatu daitezkelako. Kriminalizazio hau eremu askotan ikusi da, baita poliziaren aldetik ere, lanera joatean isuna jartzeko mehatxua jaso baitute batzuek. Balkoietatik jendea atera da, errieta eginez lanera bizikletaz goazenoi.
Nik hasieratik sustatu dut bizikletan joatearen ideia, eta kritikak jaso ditut. Herrialde batzuetan osasun ministroek gomendatu egin dute oinez edo bizikletaz joatea, garraio publiko edo autoan joan ordez, arrisku gutxiago dagoelako norbera bakarrik bizikletan puntu batetik bestera joaten denean. Gainera, orokorrean langileentzat fisikoki osasuntsu mantentzeko eta estresa kentzeko onuragarria litzateke, konfinamendu garai hauetan bereziki.
Bizikleta erabiltzaileak auto eta motor gidariak baino mugatze gehiago izaten ari zaretela uste duzu?
G.H.: Bai, errazagoa da bizikletak gelditzea beste garraiobide batzuk baino. Badago jendea bizikletaz lanera doana kirol arroparekin, gero lantokian aldatzeko, eta poliziak gelditu egiten ditu, kirola egiten ari dela pentsatzen dutelako.
Esan bezala, erabiltzen duten argudioetako bat da errazago erori gaitezkela, eta istripu bat pairatzeko probabilitate handiagoa dugula, baina hau guztiz faltsua da. Ikerketa zientifiko ugari daude, esaten dutenak autoz edo motorrez joatean istripu bat edukitzeko aukera handiago dagoela. Txirrindekin istripuak gertatzen direnean, gehienetan autoek eragin dituzte. Orain auto gutxiago egonda, ikusten ari da istripu gutxiago izaten ari garela. Beraz, instituzioek egin beharko luketeena da bizikletaren erabilera bultzatzea, beste hainbat herrialdetan egin den bezala.
Bilbon Ertzaintzak gizon bat gelditu zuen, lanera bizikletaz joateagatik, esanez bizikletaz ibiltzea debekatuta dagoela, eta garraio publikoan joan behar zuela. Bideoa birala egin da, eta bizikletan zihoanari arrazoia eman diote. Zer iruditzen zaizu?
G.H.: Uste dut Poliziak kasu batzuetan ez duela ondo aplikatu legedia. Eta, hein batean, arazo kulturala dela esango nuke, ez delako sustatu behar beste bizikletaren erabilera, ibilgailu osasuntsu eta eraginkor moduan. Horrelakorik ez litzateke gertatuko Herbehereetan, Europako iparraldean, edo Frantzian bertan.
Horrelako kasuren baten berri izan duzue hirian?
G.H.: Donostian ez da Bilbokoaren moduko kasu nabarmenik gertatu, guk dakigula. Baina gelditzeak egon dira, eta elkartean jaso ditugu batzuk. Isunak ez badira bidezkoak, errekurtsoa aurkeztea oso erraza da kasu hauen aurrean, eta hori jendeak jakin egin behar du.
Nola ikusten duzu egun hauetan garraio publikoa?
G.H.: Saiatzen ari gara erakundeek bizikletaz mugitzeko aukera bultza dezaten. Azken asteetan Dbusekin eta ospitaletara igotzen diren autobus pribatuekin arazoak egon dira. Gainera, Ertzaintzak autobus batzuk gelditu ditu eta jendea jaitsarazi egin du, baimenduta dagoen baino pertsona gehiago eramateagatik.
Osasun langile asko kutsatzeko beldur da, gainera. Asko ospitaletik oinez jaisten dira, ez dutelako garraio publikoa ezta taxia ere hartu nahi. Horregatik jarri dugu abian #bolondresbizikleta kanpaina, nahi duenak bizikleta elektrikoa uzteko osasun langileentzat.
Jendea animatzen ari da egitasmora?
G.H.: Oraingoz, gutxi. Zaila da konfinamendu garai honetan dagoen informazio bonbardaketarekin jendearengana iristea. Gu azken finean elkarte txikia gara, eta komunikabideek eta administrazioek guk baino indar gehiago dute. Lau bizikleta inguru lortu ditugu oraingoz, eta gustatuko litzaiguke indar gehiago hartzea egitasmoak. B
estalde, aipatu nahiko nuke beste hiri batzuetan, Berlinen esaterako, udalek bizikleta publikoak osasun langileen esku utzi dituztela. Donostiako Udalari eskatzen diogu aztertzeko ea zerbait egin dezakeen dBizi zerbitzuarekin.
Osasun langileek nola erantzun dute ekimenaren aurrean?
G.H.: Lan asko egiten ari dira, eta ez dute denbora asko izan egitasmoarekin bat egiteko. Denok jarri nahi dugu gure aletxoa, eta ahal den heinean ekarpena egin. Pena ematen digu oraingoz egitasmoa ez sustatu izana nahi genuen moduan, baina egoera oso zaila da, eta pentsatzen dut etxera leher eginda iritsiko direla bai fisikoki eta bai psikologikoki.
Egoera berezi honetan bizikleta oso baliagarria izan daitekeela uste duzu, beraz?
G.H.: Zalantzarik gabe. Lanera joateko uste dut oso garrantzitsua eta baliagarria izan daitekeela. Eta ez hori bakarrik: gobernuaren neurriak egokiak diren ala ez hausnartzera bultzatu nahiko nuke irakurlea, kirola kalean egitea debekuaren inguruan gogoeta egitera. Beste herrialde batzuetan onartuta dago kirola egitea, korrika edo bizikletarekin, bakarka bada ere. Asko lagundu dezake konfinamendu egoeran, eta ez dut uste hain arriskutsua denik.
Donostiako dBizi zerbitzua bertan behera uzteko erabakia hartu du udalak. Zer iruditzen zaizu?
G.H.: Askotariko arrazoiak egon omen dira, guk ezagutzen ez ditugunak. Horietatik pisutsuena izan da erabilera asko murriztu egin dela. Udalari galdera hau plazaratu nahiko nioke: zergatik jaitsi da hainbeste erabilera? Konfinamendu egoera hasi zenean dBizi zerbitzua sustatu izan balitz, agian ez litzateke hain drastikoki jeitsiko.
Duela 30 urte hasi zen Kalapie bizikleta gidarien eskubideak aldarrikatzen, eta Donostian hobekuntza asko lortu dituzue geroztik, baina oraindik badago egiteko gehiago.
G.H.: Bai, asko dago oraindik lortzeko, eta proposamen asko daude. Bidegorria eta garraio publikoa sustatzen jarraituko dugu, noski. Auzoetan autoak gutxitu egin behar dira, esaterako, oinezkoen guneak eginez, disuasio-aparkaleku eginez, eta abar. Eta hori lehenbailehen egin behar da, ezin da gehiago atzeratu.
Bestalde, mugatu egin behar da hiriko erdigunera sartzen diren autoen kopurua. Debekatu egin beharko lukete Frantziatik auto bat etortzea, adibidez, eta bere autoarekin erdiguneraino sartu ahal izatea, beste herri batzuetan egin den moduan. Hirian dauden lur azpiko aparkalekuak ere itxi egin beharko lituzkete. Erabateko aldaketa bat behar da.
Amaitzeko, nola eramaten ari zara zu konfinamendu egoera?
G.H.: Ahal dudan moduan [barrez]. Aurreko astea psikologikoki gogorra izan zen, eta amorrua sentitzen nuen. Ariketa fisiko asko egiten dut normalean. Aste honetan zortea izan dut, hein batean. Aita izan naiz, eta lanera bueltatzeko aukera izan dut oraintxe. Eta etxetik lan egiten dudan arren, lagundu egiten dit koronabirusa ez beste gai batzuk edukitzen buruan. Bestela, etxean ere egiten ari naiz kirola, telebistaren aurrean bada ere. Hala ere, espero dut askoz gehiago ez luzatzea, nire buruaren hobebeharrez [barrez].