65 urtetik gorako 30.000 donostiarrekin kontaktuan jarri da udala, haien egoera ezagutzeko
Donostia Lagunkoia hiri planaren barruan, Lagun Kate izeneko egitasmoa abian jarri du Donostiako Udalak. Hain zuzen, 65 urtetik gorako donostiarren egoera eta dituzten beharrak ezagutzeko deiak egiten hasi ziren udaleko langileak joan den astean. Erakundeko hainbat sailetako 140 udal langile aritu dira lan horretan, eta orotara, 30.000 pertsona ingururekin hitz egin dutela jakinarazi du gaur goizean Eneko Goia alkateak.
Dei horiek protokolo zehatz bati jarraituz egin dira, eta auzoka antolatu dira. “Helburua egoeraren ideia orokorra izatea, eta behar duten pertsonak hurbileko inguruan egon daitezkeen baliabideekin harremanetan jartzea baita”, azaldu du udalak.
Orokorrean, jasotako sentsazioa “lasaitzeko modukoa” dela baieztatu du alkateak: “Behar zehatzak dituzten hainbat pertsona identifikatu ditugu, eta horiek laguntza zerbitzuetara bideratu ditugu”. Auzoetan sortu diren zaintza sare herrikoiekin ere kontaktatu dutela azaldu du Goiak, eta erosketak egin eta antzeko beharrak dituzten hainbat hiritar horietara bideratu dituztela gaineratu du: “Prozesu honetan erabat integratuta egon dira boluntarioen sare horiek”. Era berean, zerbitzu soziala ematen duten hiriko beste hainbat eragilerengana ere bideratu dituzte batzuk, esaterako, Gurutze Gorrira.
Esan bezala, Donostia Lagunkoia udal proiektuaren barruan sortu da Lagun Kate egitasmo berria, eta alkateak azaldu duenez, Eva Salaberria, Donostia Lagunkoiaren zuzendaria, ari da prozesua gidatzen. “Bene-benetan eskertzekoa da udal langileek egindako lan bikaina”, adierazi du Goiak.
Alkateak jakinarazi duenez, egunak daramatzate proiektuan lanean, baina orain arte ez dute horren berri eman nahi izan, “herritarren segurtasuna bermatzeko”. Oraindik ez dute deien txanda amaitu, baina gehiengoa amaituta dagoela azaldu du alkateak. Era berean, alarma egoerak iraun bitartean, datuak eguneratzen joango dira, une oro herritar horien egoera ezagutzeko, eta behar duten laguntza zerbitzura bideratzeko.