Etxerik gabeko pertsonen arretari buruzko iritzi kontrajarriak azaldu dituzte udalak eta Hiritarren Harrera Sareak
Atano III.a pilotalekua hirian etxerik ez duten pertsonentzako aterpe bilakatu du Donostiako Udalak, kalean koronabirusaren hedapena prebenitzeko. Hiritarren Harrera Sareak zabaldutako azken buletinaren arabera, frontoiaren kanpoaldean jendea artatu gabe geratzen ari da; halaber, sarearen ustez, udalak jarritako baliabideak ez dira nahikoak pertsona horiek dituzten beharrak asebetetzeko.
Bestelakoa da Eneko Goia alkatearen iritzia, izan ere, gaur goizean egin duen asteroko agerraldi birtualean jakinarazi du gaur egun 160 pertsona inguru artatu dituztela udaleko zerbitzuek, horretarako jarritako lekuetan: “Atano ez da horretarako prestatu den leku bakarra, Ubako aterpetxea, Ondarretakoa eta Abegi Etxea ere badaude”, adierazi du alkateak. Era berean, azaldu du hainbat kasu “modu partikularrean” artatzen ari direla, beste baliabide batzuen bitartez.
Hasieran, erantzun azkar baten beharrean, Gizarte Ekintzako sailak 80 ohe jarri zituen pilotalekuan, baina gunean kutsatzeak saihesteko beharrezkoak diren osasun baldintzak betetzen ez zirela ondorioztatu zuen udalak, eta 40 pertsona Ametzagaña parkeko Uba aterpetxera mugitu zituzten. Hiritarren Harrera Sarearen ustez, “bizileku bihurtu daitezkeen baliabideak” badaude hirian, esaterako, Uliako udal aterpetxea eta hirian zehar Elizak dituen espazioak: Groseko Mariaren Bihotza eskola zena, Mirakruz kaleko San Pio X eraikina, Ategorritako bide zaharreko eraikina, besteak beste. “Larrialdietarako beharrezkoak diren espazioak bilatzen jarraitzeko eskatzen diegu erakundeei”, adierazi dute sarekoek.
Goiak, aldiz, adierazi du pertsona horiei “ahalik eta arreta pertsonalizatuena” eskaintzen ari direla, eta jakinarazi du beste herri batzuetakoak diren etxerik gabeko pertsonak artatzen ari direla. “Ziurtasunez diot beste udalerri batzuetako pertsonak artatzen ari garela, izan ere, ez dakit leku horietan baliabideak jarri ote dituzten”, gaineratu du alkateak.