Etxez etxeko langileek salatu dute koronabirusaren aurka babesteko nahikoa neurri ez dituztela
Donostiako etxez etxeko langileek Aztertzen SAD enpresa emakidaduna salatu dute, koronabirusaren aurkako prebentzio ekipoak ez emateagatik. Era berean, salaketaren arabera, neurriak hartu ez izanak langileen eta zerbitzuaren erabiltzaileen osasuna arriskuan jartzen du.
Azaldu dutenez, alarma egoera ezarri zutenean, enpresak langileei jakinarazi zien normaltasunez lanean jarraituko zutela, prebentzio neurri batzuk hartuta. Martxoaren 13an, ordea, prebentzio arloko ordezkariek Aztertzeni jakinarazi zioten langileei prebentzio ekipo aproposak eman behar zizkietela –erabili eta botatzeko mantalak, eskularruak eta maskarak eta desinfektatzeko gelak–, baita lanean eman daitezkeen egoeretan jarduteko pautak eman behar zizkietela ere. Horretaz gain, pandemia egoeraren aurrean, pandemia eteteko eta zerbitzu minimoak emateko aukera aintzat hartzeko ere eskatu zioten enpresari.
Hilaren 24an, prebentzio arloko ordezkariak Aztertzen enpresaren bulegoetara joan ziren, azaldutako neurriak hartuak zituzten konprobatzeko. Egin duten txostenaren arabera, aldiz, bulegoetan lan egiten duten pertsonak lan telematikoa egitera bidali dituzte, baina etxez etxeko zerbitzua eskaintzen dutenei ez dizkiete beharrezko ekipoak eman. Horren ordez, behin eta berriz erabiltzeko mantalak, eskalapoiak, eskularruak eta maskarak (soilik arnas gaixotasunen bat duen pertsonekin lan egiten dutenentzat) eman dizkiete. Langileek gogoratu dute euren zerbitzuen erabiltzaileak garbitu behar dituztela kasu askotan eta, beraz, ezinezkoa dela pertsonen arteko distantzia metro bat baino gehiagokoa izatea, COVID-19aren aurkako prebentzio neurriek dioten moduan. Horregatik, maskarak langile guztiei ematea da euren eskakizunetako bat.
Beraz, Aztertzen enpresa salatu dute beharrezko prebentzio ekipoak ez emateagatik, langileen eta erabiltzeen arriskuak baloratu ez izanagatik, protokolo zehatz bat garatu ez izanagatik eta langileak formatu ez izanagatik. Lan Ikuskaritzari ere egoera horren berri eman diote, eta salaketa aintzat hartzeko eskatu dute, baita beharrezkoak diren neurriak hartzeko ere.
Azaldutakoa alarma egoera hasi zenetik gertatzen ari dela ikusita, Elkarrekin Donostia udal taldeak joan den astean bat egin zuen langileen salaketarekin. Gaiaren inguruko proposamenak egin zizkieten udal gobernuari, hala nola, zaintza plan publiko bat abian jartzea eta gaur egun etxez etxeko arreta zerbitzuak dituen tresnak indartzea. Era berean, hiru galdera egin zizkioten udal gobernuari: ea enpresak udalari arazoren bat jakinarazi dion, zein den egoera eta zein neurri hartuko diren arazoa konpontzeko, eta ea udaleko osasun sailak langileei beharrezko prebentzio ekipoak emango dizkien. Elkarrekin Donostiaren arabera, ordea, galdera horiek ez dute oraindik erantzunik izan.