Hainbat zerga eta tasaren ordainketa urtearen azken hiruhilekora arte luzatu du udalak
Donostiako Udalak egutegi fiskal berria onartu du eta, ondorioz, udal zerga eta tasa ezberdinen ordainketaren epea aldatu du. Hain zuzen, zerga eta tasaren ordainketa urtearen azken hiruhilekora arte luzatu dituzte.
Hainbat zerga eta tasa orain ordaintzekoak ziren, baina “osasun larrialdi egoera eta horrek sortu dituen zailtasunak kontuan hartuta”, udalak ez du nahi une honetan udal zerga eta tasen ordainketa “donostiarrentzat gastu gehigarria” izatea. Hala adierazi du Eneko Goia alkateak, asteroko agerraldi birtualean.
Udalak aipatutako erabakia hartu du kontuan izanda zergapeko gehienek ordainagiriak helbideratuta dituztela. Hortaz, ordainketak helbideratuta dituzten hiritarrek onartutako epe berriaren azkeneko egunean ordainduko dute dagokion zerga edo tasa.
Horren harian, Eneko Goiak segidakoa iragarri du: “Zerga eta tasen gaia konplexua da, bakoitzak bere izaera duelako. Orokorrean, denak atzeratuko ditugu, eta bakoitza banan-banan aztertzeko aukera zabalduko dugu, beharko balitz, atzeratzeko eta ordainketak zaintzeko aukerak emateko”.
Zerga eta tasen artean, lau modalitate bereizi ditu udalak, eta honakoak dira bakoitzaren epeak:
- Urteko ordainketa duten tasak eta zergak
- Seihileko ordainketa duten tasak eta zergak
- Hiruhileko ordainketa duten tasak eta zergak
- Hileko ordainketa duten tasak eta zergak
Diru-laguntzen funts bat
Era berean, Goiak azaldu du udala funts ekonomiko bat sortzeko aukera aztertzen ari dela, etorkizunean diru laguntzak eskaini ahal izateko: “Funts horrekin diru laguntzak eskainiko dira, eta egoera hau pasatzen denean jarduera desberdinei laguntzeko izango da”, adierazi du alkateak. Orain gai horrekiko dauden beharrak eta udalaren bilketa ahalmena aztertzen ari direla azaldu du. Gainera, azterketa horren barruan kontuan hartuko dituzte beste hainbat erakundek eman ditzaketen laguntzak, esaterako, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eman ditzaketenak. Azkenik, azaldu du udala ikusten ari dela funts horretara diru ekarpena egin nahi duten enpresa zein partikularren bideragarritasuna.