Amara Berriko zaintza sareak 110 boluntario ditu dagoeneko
Dagoeneko 33 eskaerei eman diete erantzuna Amara Berriko zaintza saretik eta balorazio positiboa egiten dute lortutakoaz. “Pozik gaude azkar ibili ginelako behar bat identifikatzen eta erreakzio bat egon zelako. Auzoaren erantzuna oso oso positiboa izan da,” diote. 18 eta 69 urteko boluntarioak ari dira parte hartzen, gehiengoak 20-40 urte bitartekoak. Eta 33 eskaerari erantzuna eman badiete ere, “informazio eske dei gehiago jaso ditugu, baina hori ez dugu kontabilizatuta”, azaldu dute.
Dena den, eskaerak ez ziren berehala hasi. Zaintza saretik adierazi dutenez, “lehenengo astea erlaxatuagoa izan zen. Bigarrenean hasi zen, batik bat, eta hirugarrenean gehiago jaso ditugu. Hazten joan da.” Uste dute beharrak handitu ahala igo direla eskaerak. “Hasieran, ziurrenik ez ziren hainbeste behar agertzen. Itxialdiarena modu zorrotzagoan betetzen den unetik, etxean dituzun gauzak bukatzen doaz, eta jendeari kalera ateratzeko beldurra sartzen zaio.”
Orain arte erosketa egitea, farmaziatik gauzak ekartzea, txakurrak paseatzea eta zaborra ateratzea eskaini dituzte. Une honetan, beste zerbitzu bat ere ari dira martxan ipintzen: beharra duten haurrei eskolako etxeko lanekin laguntzea. “Batez ere, euskaraz diren eskolako lanetan, euskaraz ez dakiten gurasoak dituzten haurrei laguntza hori eskaini nahi genien”, azaldu dute zaintza saretik.
Auzoko hainbat mugimendutatik sortu zen Amara Berriko zaintza sarea eta hasieratik irizpide batzuk ezarri zituzten neurri guztiak betetzeko. “Osasun erakundeen gomendioez eta kalean ibiltzeko mugez ondo informatu ginen horretarako.” Horiekin dossier bat egin zuten, parte hartzen duten boluntario guztiei banatu zaiena. “Instituzioetatik etorri direnean lan nola egiten dugun galdetzera, ikusi dute gure irizpideak guztiz zorrotzak direla eta beraiek berdinekin dabiltzala”, kontatu dute.