Donostia Kulturako maiatzaren 3ra arteko ia ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira
Dekretuz ezarritako konfinamendua dela eta, Donostia Kulturak aditzera eman zuen atzo maiatzaren 3ra arte luzatuko dutela aurrez aurreko gune, zerbitzu, jarduera eta ikuskizunen salbuespenezko egoera. Hori dela eta, adierazi zuen ordura arte programatutako ikuskizun guztiak bertan behera geldituko direla, Cuidados intensivos ikuskizuna izan ezin, irailaren 3tik 6ra atzeratu baita. Era berean, maiatzaren 29rako aurreikusten zen Alicia Alonso Mendaurreko Gala ere bertan bera geratu da, konpainiaren zailtasunengatik.
Neurriak ondorengo espazioetako aurrez aurreko ikuskizunei egiten die erreferentzia: Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa, Historiaren Etxea (Urgull), Antzoki Zaharra, kultur etxeak (Aiete, Casares-Tomasene, Larratxo, Egia, Ernest Lluch, Intxaurrondo, Larrotxene, Loiola, Lugaritz eta Okendo), liburutegiak (Liburutegi Nagusia, Haur Liburutegi Nagusia eta Larratxo Liburutegia) eta Antiguako Merkatua.
Sarrerak zituzten ikusleek dirua errekuperatzeko aukera izango dute. Dirua itzultzeko bi formula ipini ditu martxan Donostia Kulturak. Sarrerak Internet bidez erosi zituztenei dirua automatikoki itzuliko zaie, ahal heinean, hamabost eguneko epean. Sarrerak leihatilan erosi zituztenek Donostia Kultura berriro ateak zabaldu arte itxaron beharko dute, txarteldegietan itzuli beharko baitituzte. Zalantzak dituztenentzat, email bat erraztu du Donostia Kulturak: dksarrerak@donostiakultura.eus.
Liburutegiko aurrez aurreko zerbitzuak ere ez dira eskainiko eta, beraz, liburutegitik hartutako liburu fisikoak itzultzeko epea maiatzaren 4ra arte luzatuko da. Dena den, eLiburutegiko zerbitzuak ohikoa den moduan jarraituko duela adierazi dute Donostia Kulturatik eta, are gehiago, zerbitzuaren erabilerak nabarmen egin duela goraka.