Mintzanet: konfinamendu garaian euskara praktikatzeko tresna aproposa
Koronabirusaren aurrean ezarritako konfinamendu neurriak egitasmo ugari sortzea ekarri du. Era berean, aurretik sortutako baliabide ugari ezin aproposagoak bilakatu dira, etxean erabiltzeko. Horietako bat da Mintzanet. Hain zuzen, Mintzanet egitasmoaren helburua euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsonei etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua ematea da.
Horrela, euskaraz jardun nahi duten guztiek, edonon daudela ere, euskaraz hitz egiteko aukera dute www.mintzanet.net webgunearen bidez. Egitasmoa guztiz doakoa dela gogorarazi dute antolatzaileek, eta ezinbesteko bi figura ditu: bidelaguna eta bidelaria. Bidelaguna da euskaraz ongi dakien pertsona, eta bidelaria, berriz, euskara praktikatu nahi duena. Bidelagunak ez du inongo titulurik behar bere jardunerako, eta bidelariak B1 maila izan behar du gutxienez.
Mintzanetekoen ustez, euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, “bestelako ondorio positiboak” ere baditu tresna honek: mugak gainditzea, esaterako, distantzia, bakartze linguistikoa eta partaideek izan ditzaketen arazo fisikoak edo denbora eragozpenak); askotariko euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzea; eta, azken batean, euskaldun kopurua handitzea.
Une honetan, bidelagunen bila dabiltza, eta herritarrak animatu dituzte egitasmoan parte hartzera: “Denbora gehiago baldin baduzu, eman izena gure webgunean!”, adierazi dute.