Rafael Berrio musikari donostiarra zendu da
Iazko urrian eman zuen azken kontzertua Donostian, Antzoki Zaharrean, 'Niño Futuro' diskoko abestiak jendaurrean aurkezteko.
Atzo, martxoak 31, hil zen Rafa Berrio musikari donostiarra, aurretik zuen gaixotasun batek jota, 56 urterekin. 1963an jaio zen, eta aitarekin gitarra jotzen ikasi ondoren, 1971n sortu zuen bere lehenengo taldea. Donostiako new wave mugimenduan murgildu zen ondoren, eta lehenengo EP-a grabatu zuen bere lagun Pochekin, UHF taldean. 1990eko hamarkadan Amor a traicion taldearekin aritu zen, bi disko argitaratuz: Amor a traición (1993) eta Una canción de mala muerte (1997). 2000. urtetik aurrera Deriva taldearekin jo zuen, eta beste bi disko kaleratu zituen: Planes de fuga (2001) eta Harresilandia (2005).
Geroztik, bere bakarkako proiektuarekin aritu zen Berrio, eta 2011. urtean 1971 diskoa argitaratu zuen, ibilbide berriko arrakastatsuena. Joserra Senperenarekin lankidetzan egin zuen disko hori, baita 2013ko Diarios lana ere. 2015ean Paradoja diskoa atera zuen, eta Niño Futuro iaz, bere azken lana. Iazko urrian eman zuen azken kontzertua Donostian, Antzoki Zaharrean, ‘Niño Futuro’ diskoko abestiak jendaurrean aurkezteko.
Rock musika, popa eta kutsu elektronikoko musika ukitu zuen Berriok, eta, beti gaztelaniaz abestu bazuen ere, euskal kulturatik oso hurbil zegoen. Harkaitz Cano idazleak, esaterako, bere Saturno kanta itzuli zuen, eta poema gisa errezitatu zuen Mursego taldearen Porto emanaldian. Asko izan dira Berrioren heriotzarekin sare sozialetan triste agertu diren herritarrak eta artistak, hala nola, Joserra Senperena, Mikel Erentxun eta Loquillo.