70 pertsona ingururen beharrei erantzun die Amarako zaintza sareak
Ia hiru aste dira igaro dira alarma egoera ezarri zutenetik. Hain zuzen, martxoaren 14an adostu zuten 463/2020 Errege Dekretua, eta horren ondorioz, etxeetan konfinatuta daude herritarrak ordutik. Autonomia gutxien duten pertsonei laguntzeko asmoz egitasmo herritarrak sortu dira han eta hemen: zaintza sareak. Donostian auzo ugaritan sortu dituzte sare horiek, eta dagoeneko laguntzeko prest dauden boluntario ugari eta laguntza behar duten auzotar asko batu dituzte.
Amarako zaintza sarearen kasuan, 50 boluntariok osatzen dute sarea, eta horiek 25 etxetan banatutako ia 70 pertsonen laguntza eskaerei ari dira erantzuten, “modu jarraituan”. Sareko koordinazio taldeko Oier Ibargurenek IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, boluntario bakoitza etxe berean ari da laguntza ematen. Orain arte 50 dei baino gehiago jaso dituzte, hainbat helbururekin: “Horietako asko aurrera begira izan dezaketen laguntzaz informatzeko izan dira; beste asko udaletik jasotako deietan eman zaien informazioa gaizki ulertu, eta udal zerbitzu bat ginela pentsatuz deitu dutelako”.
Orokorrean, elikagaien erosketak egiteko laguntza da gehien izan duten eskaera, baita zaborra jaisteko laguntza ere. “Botikan gauzak erosteko eskariak ere hazi egin dira azken aldian”, gaineratu du Ibargurenek.
Amarako zaintza sareak orain arte egindako lanaren balorazio “oso positiboa” egin du, eta Ibargurenek nabarmendu du horretan parte hartzen duten auzotarren artean sortu den konplizitatea eta lanerako gaitasuna: “Lanari dagokionez, oso ondo moldatzen gara. Sareetan gabiltzan jende asko herri mugimendu eta bestelako sareetan ibilitakoa da, eta horrek asko errazten du koordinazio lana. Gutako asko bistaz ere ezagutzen ez garen arren, goraipatzekoa iruditzen zait gure artean sortu den konplizitatea eta konfiantza”.
Era berean, beste auzo batzuetako sareekin ere egin dute kontaktua, izan ere antzekoa da batean eta bestean egiten dutena. Denen artean azken asteetan egindakoaren balorazio bat zabaldu berri dute. “Uste dugu herritarrok, ditugun baliabide eta aukerak kontuan hartuta, erantzun paregabea eman dugula”, baieztatu du Amarakoak. Honakoa ere gaineratu du: “Ez dugu uste elkartasuna soberan dugun hori ematea denik, duguna partekatzea baizik. Egoera honetan, jendeak zalantzarik egin gabe eskaini du bere denbora, eta erosotasuna albo batera utziz, ezagutzen ez zuten, baina komunitate bereko partaide diren pertsona zaurgarrienei laguntzeko prestutasuna adierazi dute”.
Azkenik, kontatu du azken egunetan dei kopurua asko hazi dela, udaletik erosketak egiteko, zaborra ateratzeko eta animalien zaintzarako eskaintzen duten “aukera erreal bakarra” zaintza sareena delako. Udal langileek 30.000 dei egin dituzte azken astean, Lagun Kate proiektuaren harira, eta horietan zaintza sareetako telefonoez gain, “erantzunik jasotzen ez duen” Guztion Artean udal egitasmoaren telefonoa ematen dutela azaldu du Amarakoak: “Baita Gizarte Zerbitzuena, Gurutze Gorriarena, Caritasena… baina horiek bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzte”, gehitu du.
Horren harira, Amarakoek adierazi du arduradun politikoekin duten haserre daudela: “Horren ostean, Goia alkatearen diskurtsoan, zaintza sareetako boluntarioen lana aipatu gabe, udalak herritarrei dituzten behar guztiak asetzeko bermea ematen diela entzuteak, mina eta haserrea eragiten digu. Hala ere, guk, haiek ez bezala, bizitzak eta elkarren zaintza jartzen ditugu erdigunean. Hori ere argi eta ozen aipatu nahi dugu”.