"Bertsoa plazara irteten ez den bitartean, guk sarean jarraituko dugu"
Etxetik etxera ostiralero bertso saioak egiten ari dira, Internet bidez. Unai Elizasu izan da ideia aurrera eraman duena, konfinamenduari aurre egiteko, eta apirilerako egitarau osatu dute dagoeneko. Elizasu bera aritzen da gai jartzaile moduan, beste sei bertsolarirekin batera.
Koronabirusak plazak gelditu ditu, baina oraindik ere bertsoekin etxetik gozatzeko aukera badago. Konfinamendua arintzeko asmoz, martxoaren 20etik ostiralero bertso saioa egiten ari dira Internet bidez. Unai Elizasu bertsolari donostiarra izan da ekimenaren sortzailea, eta deien kudeaketaz gain, gai jartzaile bezala ibiltzen da saioetan, sona handiko beste bertsolariekin batera. Aurreko bi ostiraleko saioak ikusgai daude, haien Youtube kanalean, eta apirilak 3an ostiralean 18:30ean arituko diren bertsolarien izenak iragarri dituzte dagoeneko: Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Joanes Illarregi, Oihana Bartra eta Iker Zubeldia.
Nola otu zitzaizun Internet bidez bertso saioak egitearen ideia?
Unai Elizasu (U.E.): Konfinamendu garaian buruari eragiten diogu, eta konturatzen zara teknologia gauza askotarako baliatzen dugula. Ikusita oraintxe bertan bertsoak ez duela lekurik plazetan eta saiorik ez zela egongo, han otu zitzaidan: zergatik ez ditugu bertso saioak sarean egingo, zuzenean? Iker Saregirekin kontaktatu nuen, bertsolaria eta laguna baitut, eta teknologian ni baino adituagoa da. Begiratzen hasi ginen posbilea ote zen saio bat zuzenean eta txukun egiteko, eta horrela hasi ginen.
Zer moduz ateratzen ari dira oraingoz?
U.E.: Oso gustora gaude egindakoarekin, egia esanda. Aurreneko saioari izugarrizko beldurrarekin ekin genion, ez genekielako sareak eutsiko ote zuen. Akats batzuk egon ziren: ez genuen asmatu bolumenarekin, adibidez, baina ibiliaren ondorioz konturatzen zara, eta zuzentzen goaz. Azken saioa oso ondo atera zen, teknologia aldetik ez zen inongo arazorik egon. Entzuleak ondo jaso zuen dena, eta horrek ere izugarrizko lasaitasuna eman zigun.
Harrera ona izaten ari da jendearengandik?
U.E.: Oso harrera ona izaten ari da, bai. Orain arteko bi saioetan 600-700 pantaila edo etxeetatik ikusi gaituzte, eta jaso ditugun mezuak ere zorionekoak izan dira. Eskertu egin digute, sortzaile asko ari direlako sarean haien ekarpena egiten, eta bertsoak ere egin behar zuelako berea.
Eta bertsolariengandik?
U.E.: Harrera mota desberdinak izan ditugu. Orokorrean denen aldetik oso harrera ona, baina beste batzuek, normala den moduan, ez dute haien burua kameraren aurrean ikusten, publikoaren feedback-ik gabe eta zuzenekoaren adrenalinarik gabe. Ez dugu zailtasunik izan, hala ere, bertsolari asko egon direlako prest. Parte hartu dutenak gustura egon dira, nahiz eta deserosoa izan pantaila baten aurrean bakarrik jardutea, baina balorazio positiboa dela esango nuke.
Lehenengo aldia da antzekorik egin dela?
U.E.: Esango nuke baietz. Aurreko urteetan atzerrian dagoen norbait bideo konferentzia bidez sartu izan da saio batean, baina uste dut hau lehenengo aldia dela zazpi etxe ezberdinetatik, modu zuzenean eta interaktiboan parte hartuz eta elkarri erantzunez saio bat egiten dela. Iruditzen zait, aitzindari izateaz gain, bide bat irekiko duela honek, eta zer pentsatu emango digula etorkizunerako.
Arraroa egiten zaizue?
U.E.: Bai, oso arraroa egiten da. Gure gela hutsean gaude, etxean, egoera bera ere oso arraroa da, eta ez da erosoa. Nire papera gaia jartzea da, baina saio guztiaren kudeaketa eta gainean egotea ere bada. Oso arraroa da hori pantaila bati begira egitea. Plaza batean egonda publikoaren erantzunarekin ere orekak berrikus ditzakezu, ikus dezakezu saioa noiz bukatu, luzatu ala ez, zein gai lehenetsi, eta abar. Kasu honetan ez dakigu publikoa aspertzen ari den, bero ala hotz dagoen… Feedback hori gabe zaila da saioaren jaialdi egitura eta orekak ondo kontrolatzea. Hala ere, esperientzia polita izaten ari da.
Zeintzuk izan dira zailtasun teknikorik handienak?
U.E.: Izan ditugun zailtasunak hasieran izan dira, batik bat gauza bakoitza zer den ezagutzen eta hauek kontrolatzerako orduan. Denok egin dugu inoiz konferentziaren bat Skype edo antzerako plataforma baten bidez, baina sekula ez dugu egin horrenbeste jenderen artean. Ez genuen ezagutzen halako aukera ematen zuen programarik. Konfinamendu garaian iruditzen zait denok ari garela senide eta lagunekin halako gauzak erabiltzen, eta orain hasi gara tresnak ezagutzen.
Bestealde, jende asko sartzen ari da zuzenean Youtuben bertso saioa ikusteko, eta zerbitzariak eutsiko dion ala ez dago gure esku. Gure esku daudenak kontrolatzen saiatu gara, baina ez dagoena ezin da kontrolatu, eta hori beste zailtasun bat da.
Egitarau osoa antolatu duzue apirilerako. Zer prestatu duzue?
U.E.: Ikusita konfinamenduarena luzerako doala, lehenengo bi saioen ondoren erabaki genuen jarraitu behar genuela, eta apirileko agenda sortzen hasi ginen. Lau saio izango dira ostiralero 18:30ean, eta bi emanaldi berezi egingo ditugu baita ere: balkoitik balkoirako bertso poteoa batetik, eta bestetik bertso bazkari bat. Plazako ariketak dira, egoerak behartuta etxetik egin beharko ditugunak. Hau luzatuko balitz, gauza gehiago prestatzeko asmoa ere badugu. Bertsoa kalera edo plazara irteten ez den bitartean, guk sarean jarraituko dugu bertsoari lekua ematen.
Zer moduz eramaten ari zara konfinamendua?
U.E.: Nahiko egoera zaila da. Etxetik lan egin behar da, kaleko arnasa hartzeko gune bakarra balkoia dugu, eta ahal den bezala eramaten ari gara. Ikusita jende guztia oso sartua dagoela kontu honetan, eta osasun langileak zer nolakoak pasatzen ari diren, kontaktu zuzena edukita bertakoekin, oso kontzientziatuta eta konbentzituta gaude egiten ari garen konfinamendu honekin. Espero dugu azkar bukatzea, eta ahalik eta hobe bukatzea denontzako.