Donostiako zaintza sareek aitortza publikoa eskatu diote Udal Gobernuari
Zaintza sareen eta udalaren arteko elkarlana "de facto" gauzatzen ari dela adierazi dute hainbat auzotako taldeek sinatutako adierazpen batean, baina babes eta baliabide publikoen falta azpimarratu dute.
Honako hau izan da aurkitu dituzten zailtasunetatik nabarmenena: premiarik handiena duena jendearengana iristea. Horretan, udalak izandako rola azpimarratu dute, udaletik zaintza sare komunitarioetara bideratu dutelako jende asko, eta, horri esker, telefono deiek nabarmen egin dutelako gora azkeneko astean. Era berean, udaleko langileak herritarrei laguntzeko egiten ari diren ahaleginak aitortu nahi izan dituzte.
Berrogeialdia hasi zenetik, bizilagunek sortutako laguntza sareak sortu ziren auzo askotan, eta berehala, udaleko teknikari bat kontaktuan jarri zen beraiekin, egiten ari zirena ezagutu eta elkarlan aukerak aztertzeko. egun gutxitara Eusko Jaurlaritzak “GUZTION ARTEAN” izeneko boluntario sare propioa iragarri zuen. Adierazpenean jaso dutenez, “Elkartasun Sare Antolatua izena jarri zioten ekimen berri honi eta boluntario izateko modu seguro bakar moduan publizitatu zuten, zaintza sare herritarron lana gutxietsiz. Ez dugu ukatuko, mingarria iruditu zitzaigun ehundaka pertsonaren lana horrela zalantzan jartzea”. Dena den, zaintza sareetatik sare desberdinen arteko koordinaziorako prest zeudela adierazi zioten udalari.
“Egunak pasa dira eta udalarekin harremanetan jarraitzen dugu, baina ez dugu inolako babes edo baliabide zehatzik jaso”, adierazi dute Egia, Intxaurrondo, Amara Berri, Antigua, Parte Zaharra, Altza, Amara-Erdialdea, Añorga eta Groseko zaintza taldeek ohar batean.
Gainera, 680 boluntariok baino gehiagok eman dute izena Donostiako zaintza sareetan. Adierazpenean bereziki azpimarratu nahi izan dute boluntario gehienak emakumeak direla. “Ez dugu uste kasualitatea denik, gure kulturan egiten diren ikusgarritasunik gabeko lan feminizatuei buruz ari garelako lan boluntarioak aipatzen ditugunean”, azaldu dute.
Egun, 290 pertsona inguru ari dira zuzeneko laguntza jasotzen. Batik bat, erosketak egiteko norbait behar duten helduak dira. Dena den, laguntza edo informazioa eskatzeko deitzeaz gain, boluntario moduan izena emateko eta eskerrak emateko deiak ere jaso dituzte.
Egoera zaurgarrian dauden auzokideak laguntzeko sortu ziren zaintza taldeak, eta hala jarraituko dutela adierazi dute gaur plazaratu duten ohar bateratuan: “auzo zaintzaz jarraituko dugu auzo eta herriak zaintzen, gure bizilagunen beharrei modu kolektiboan erantzunez”, amaitu dute.