Emakume musikariak sare sozialetan elkartu egin dira, ikusgarritasuna lortzeko

Koronabirusak eragindako konfinamendu egoerak gauza txar asko baditu ere, denbora librea uzten du, eta hori aprobetxatu nahi izan dute emakume musikariek, sare sozialetan elkartu eta ikusgarritasuna aldarrikatzeko. Horrela, Liher talde donostiarreko Lide Hernando abeslariak Emakume Katea egitasmoa hasi zuen joan den igandean, #EmakumeKatea traolarekin. Koban taldearen Klimax gaiztoa abestia jo zuen, horrela lekukoa haiei pasaz.
Egitasmoa harrera ona izaten ari da, izan ere, Kobaneko taldekideek lekukoa hartu zuten, eta Olatz Salvadorren Korapilatzen kanta jo zuten. Salvador ere ez da atzean gelditu, eta Mor More taldearen Istanteak kanta jo zuen. Donostiarrak izan dira orain arte egitasmoarekin bat egin duten musikari eta taldeak, baina ikusteke dago Mor Morek ere lekukoa hartuko duen eta Emakume Katea Euskal Herri guztira zabalduko den.