Igeldoko zaintza sareak egoera honetan laguntzeko prest jarraitzen du
Ia hiru aste dira martxoaren 14an alarma egoera ezarri zutenetik. Autonomia gutxien duten pertsonei laguntzeko asmoz, zaintza sareak sortu dira herri eta auzo askotan. Igeldon ere herritarrak laguntzeko prest agertu dira, eta hamalau bolondres daude zaintza sarea osatuz.
Aratz Urruzmendi bolondres horietako bat da. Kontatu digutenez, hasieran Igeldoko herri kontseilutik kudeatu zuten, herritarren ordezkaritza gisa lan egiten baitu. Hortik mezua bidali zuten Whatsapp eta posta elektroniko bidez, esanez konfinamenduan edozein laguntza behar balute zaintza sare bat sortuko zela, eta era berean laguntzeko prest zegoenak telefono hortara deitu behar zuela jakinarazteko. Hamalau bolondres horietatik, biren kontaktua eman diete herritarrei, laguntza behar badute hara deitzeko.
Laguntzeko prest dauden arren, orain arte ez du inork laguntzarik eskatu, ordea. Urruzmendik uste duenez, jendea moldatzen ari da. “Egia da Igeldoko errealitateak ez duela zerikusi handirik Donostiako auzo askorekin. Laguntza behar duen jendea egongo da, agian, bereziki helduak eta baserrietan bizi direnak, baina haien seme alaben edo familia kideen laguntza dutenak”. Inork laguntza behar izanez gero, zalantzarik gabe deitzeko eskatzen dute.
Urruzmendiren iritziz, beste behar handi bat jendea lasaitzea eta beharra duen jendea entzutea izan daiteke. Horri erantzuteko herri kontseiluak banan banan deitu egin du etxeetara, eta berriro deitzen ari dira: “Jendeak asko eskertu digu, eta mezuak iritsi zaizkigu. Behar nagusietakoa hori zen, jendearekin hitz egin, entzun, lasaitu, eta abar”.
Nahiz eta orain Igeldon ez bizi, Igeldotarra sentitzen da Urruzmendi. Bere aburuz, herri sentimendu horrek konfinamenduarekin jarraitzen du, baina “gelditu” egin du zentzu askotan: “Herri sentimendu, izaera, nortasun eta dinamika handia dago Igeldon. Orain konfinamenduarekin egiten ari ginen gauza batzuk gelditu behar izan dira. Hemendik gutxira nekazal kooperatiba irekitzekoa zen, jaiak prestatzen ari ginen, udaberri jaia ere bai… Honek gelditu egin gaitu, eta zentzu horretan frustrazio handia dugu”.
Plazak duen garrantzia ere azpimarratu du: “Ia beti plazan aurkitzen gara, adin ezberdinetako jendea, eta nik uste dut gehienbat faltan hori botatzen dugula. Elkarrekin egote hori hautsi egiten du konfinamenduak”.