Lanbide Eskolak ere 3D biserak egiten ari dira osasun langileentzako
EAEko Lanbide Heziketa ikastetxeak maker-biserak egiten ari dira, 3D inprimagailuen bidez, osasun arloko profesionalek koronabirusaren egoeran erabili ditzaten. Usurbilgo Lanbide eskolako irakasleak ere hortan ari dira, eta dagoeneko ia 260 maskara baino gehiago banatu dizkiete osasunarekin zerikusia duten langile ezberdinei. Joxemari Furundarena irakaslea Usurbilgoa da jaiotzez, baina Donostian bizi da duela 20 urte baino lehenagotik. Zentruko mekanika sailean irakaslea da, baita Ikaslab Usurbilen 3D inprimagailuen arduraduna ere.
Furundarenak azaldu digunez, osasun sailak onartutako V5 formatuko biserak egiten ari dira, Tknika ikerketa zentrotik bidalita. Prozesua honako da: 3D programa baten bidez, diseinua egiten da, programa ezberdinen bidez (Inventor edo Autodesk, Katia, SolidWorks, eta abar). Diseinu hori FDM inprimagailuetara bidaltzen dituzte: “Modelo desberdinak ditugu, baina antzera lan egiten dute”. Inprimagailuak lanean jartzeko Cura edo Simplify programak erabiltzen dituzte. Hauekin kontrolatzen dute zein pitarekin lan egingo duten, zein abiaduran, nolako loditasuna nahi duten, barruaren dentsitatea, eta abar. Ondo kalibratuta badago, dena prest dago inprimatzeko. “Gauza asko dira, baina norbaitekin bertan ikusitakoan errazagoa egiten da”, Furundarenak dioenez.
Irakasle eta ikastetxeko langileek egiten dituzte biserak, ikasleak behartuta daudelako etxean egotera. Batzuek etxetik egiten dituzte, eta beste batzuek eskolan bertan: “Covid Euskadi ekimenaren berri izan nuen, eta bisera hauek egiteko laguntza behar zutela ikusi nuen. Frogak egiten hasi, eta geroago ikastetxeko zuzendaritzak talde bat sortzea proposatu zuen. Horrela sortu zen ULE maker talde”. Zazpi irakasle aritzen dira ekimenean: bi Azpeitian (Xabi Bikendi eta Iñaki Azkue), beste bat Lasarten (Igor Vaquerizo), beste bat Tolosan (Dani Telleria), beste bi eskolan (Oier Aranzabal eta Juan Andres Rebollo), eta Furundarena Donostian. “Eskolan aritzen direnak ahalik eta denbora gutxien egoten saiatzen dira, leku batzuetan soilik”.
Maskarak banatzen hasi dira dagoeneko hainbat osasun esparruetara: Osasun sailera, Helduen egoitzetara, Farmazietara, DYAra, Udaletxera, baita Merkatal elkarteetara ere, besteak beste.
Furundarenak aipatu duenez, teknologia honek ia 30 urte daramatza, Chuck Hukek sortu zuenetik. “Gu 2014. urtean jorratzen hasi ginen. Kosta egiten da jendeari teknologia berrietan sartuaraztea, baina egoera honetan ikusiko da benetan duen garrantzia. Ziur nago bultzada ona emango diola”. Konfinamendu egunak, gehienbat, biserak egiten eta ikasleen jarduerak eta kezak erantzuten ematen du: “Denok daukagu kalera irteteko grina, baina etxean jarraitu beharko dugu, egoera zuzendu arte”.