Leihotik, begiluze
‘REAR WINDOW’
Zuzendaria: Alfred Hitchcock
Urtea: 1984
Herrialdea: AEBak
Gutxi omen badira ere, badaude itxialdi honetan balkoietara kantatzera, zumba dantzatzera eta bingoan jokatzera ateratzen ez diren bizilagunak. Nireak, adibidez. Horregatik, asper-asper eginda eta begiluze, Rear window filmera jo dut New Yorkeko kale txiki bateko bizilagunak zelatatzeko. Hain da ikaragarria 50eko hamarkadako New York!
Maisulan hau behin eta berriro ikusi badut ere, inoiz zahartzen ez den film klasikoa da. Ezer ez baita dirudiena. Eta misterio eta maitasunezko istorio korapilatsu honekin, Hitchcockek desafioa botako digu ikusleoi, gu voyeur bilakatuz. Prest etxeko sofatik James Stewartek leihotik ikusten duen misterioa estalgabetzeko?
Etxe-artea xehetasun handiz erakutsiko digun travelling batek emango dio hasiera filmari, trama honetako pertsonaia guztiak bere leihoen zehar aurkeztuz: Badago dantzari gazte bat, piano jole bat, ezkongai batzuk, bina senar-emazte, eta emakume bakarti bat ere. Eta travellingaren amaieran Jeff ezagutuko dugu, protagonista. Geroztik, kamara ez da berriro bere logelatik aterako, Jeffen leihoa zinema pantaila batean bihurtuz. Hortaz, ikusleok Jefferen begiradaren bidez jarraitu beharko dugu istorio zirraragarri hau.
Jeff (James Stewart) abentura bila ibili ohi den argazkilaria da, baina istripu baten ondorioz gurpil-aulki batean eta etxean geratu beharko da sendatu arte. Etsita, binokularrak eta argazki kamera hartu, eta leihotik begira dabilela, hilketa baten lekuko bilakatuko da. Bestalde, Jeffen bikotea (Grace Kelly) ezkontzeko proposamenaren zain dabil, eta Jeffek beraien bizimoduak bateragarri diren argi ikusten ez duen arren, zirt edo zarteko erabakia hartu beharko du.
Istorioak aurrera egin ahala, bi hari hauek nahasten joango dira, eta Grace Kellyk laguntza eskainiko dio. Bere burua arriskuan jarriz, pareko etxera joango da froga bila, misterio hori batera estalgabetzeko. Baina ezustean harrapatuko ote du hiltzaileak? Izango al du Jeffek arrazoia, ala berak irudikatu du? Eta zer dakite bizilagunek? Gaizkide ote dira? Edo Grace Kellyk? Ba al du zerikusirik gertakari honetan? Gogoan izan, ezer ez dela dirudiena.
Rear window filma It Had to Be Murder liburuan, Cornell Woolrich idazlearen eleberrian, oinarritua dago. Eta 1954. urteko Veneziako Zinemaldian estreinatu zenetik, zinemaren historiako ezinbesteko film bilakatu da. Ez da harritzekoa, aipagarria baita Hitchcocken trebetasuna ikuslearen irudimena hegan jartzeko, guztiok dugun jakin-min obsesiboa zinemaren bidez erakusteko, etxe-arte bat antzerki eszenatoki bat balitz bezala misterio korapilatsu baten kokaleku bihurtzeko, eta, dirudienaren aurka, emakumezko protagonistaren –Grace Kelly dotorearen– abilezia adierazteko, besteak beste.
Eta bitxikeria gisa, aitortu beharra daukat ikusten dudan bakoitzean irribarrea sorrarazten didala Hitchcock bera pelikulan agertzeak. Bera baita piano jotzailearen etxean erloju bat konpontzen ari den musikagilea, doinu bat jotzen ari den bitartean. Tipo xelebrea, dudarik gabe.
Movistar Plus plataforman, TCM kanalean, egongo da ikusgai film ikaragarri hau apirilaren 8an, 22:00tan. Gainera, Filmin plataformak duen Filmin koarentenan izeneko kanalean aurki dezakezue ere. Han baitaude hain gustura behin eta berriro ikus ditzakegun klasiko ugari. Azken finean, itxialdia aukera ezin hobea da atzera begira jarri eta zinemaren historiako maisulan hauek ikusteko, Hitchcocken Rear window filmaz berriro gozatzeko.